Gizarte moduan, "moraltasunez" jokatzen hasi beharra azpimarratu du Uribek, "mota honetako ekintzek beste norbanako batzuen sufrimendua eragiten dutelako". Uluak taldeko kideak jakinarazi du, hainbat albaitariren txostenetan, "zientifikoki berretsita" dagoela "sufrimendu psikiko eta fisikoa pairatzen dutela bigantxek. "Pentsatzen dugu bakarrik korrida tradizionaletan sufritzen dutela zezenek. Baina kasu honetan ere, odolik ez egon arren, sufrimendu handia dago", azpimarratu du.
Datozen belaunaldiei begira, Uribek nabarmendu du "haurrak nahi ditugu hazi eta hezi eta animalienganako enpatian". Era berean, gizartea kontzientziatu gura dela ere jakinarazi du, baita informazioa eskaini ere, "jendea ez baitago aski informatuta gai honekiko".
Protestarako lekua ere ez da nolanahikoa izan. "Apropos jarri gara zezen plazaren kanpoaldean, jendeak ikus dezan badagoela ekintza hauen kontrako talde bat. Eta honekin bukatu arte lanean jarraituko dugu, gaur egungo gizartean honek ez duelako lekurik. Tradizio honek ez gaitu ordezkatzen".
Kontzientziazio kanpaina
San Juanen aurretik, kontzientziazio kanpaina bat egin dute, zeinaren bitartez Gurean dokumentala plazaratu duten. Dokumental horretan, Euskal Herriko festetan animaliek jasaten dituzten tratu txarrak erakusten dira. "Honen bitartez, ikusi dugu jendeak ez daukala informazio askorik eta oraindik lan handia daukagula egiteko. Badakigu ohiturak aldatzea zaila dela, baina ikusten dugu badagoela kontzientzia minimo bat. Beraz, horri heldu, eta pixkanaka aurrera egitea gura dugu".