Ibilbide oparoan murgildurik da Izaro Andres Zelaieta musikaria (Mallabia, 1993). Gaurgaurkoz, kaleratu berri duen Eason diskoaren aurkezpen kontzertuekin dihardu burubelarri. Eta ibarrean ere izango da horren zantzurik: San Juan jaietan egongo da, esaterako. Zehatz esanda, ekainaren 26an eskainiko du kontzertua, Arrasateko plazan, 20:00etan hasita. Oro har, "oso pozik" dago lan berriak izandako harrerarekin. Aukera aprobetxatuz, bere lanaz, orain artekoaz eta agertoki atzekoaz jardun du Andresek.
Eason bataiatu duzu azken lana.
Hala da. Finean, Donostian bizi izandakoari egindako omenaldi txiki bat bezalakoa litzateke Eason diskoa. Donostian, ni naizenari, urte hauetan izan garenoi. Hala sentitzen dut neuk. Eta, nola ez, horretan geratu barik, diskoak bitarteko izan gura du jendeak autoaurkikuntzarekin bat egin dezan. Besteak beste, Donostian neure burua aurkitu nuen garaikoak azalarazten ditut. Dena den, ez nuen gura tokia guztiz mugatu, jendeak identifikazio askeak egin ditzan, nork bere kasuaren araberakoa. Bestetik, atzera begira, esan ohi da erromatarrek La Bella Easo bataiatu zutela egungo Donostia. Beti gustatu izan zait izen hori. Eta, hori gutxi balitz, esan beharra dut Easo plazarik gertu bizi izan naizela neu. Horregatik guztiagatik aukeratu nuen Eason izena.
Otsailean aurkeztu zenuen lan berria. Zelako harrera izan du?
Oso ona. Oso pozik nago orain artekoarekin. Jendeak beso eta bihotz zabalik jaso du azken lana: energia positibo asko datorkit bueltan, harrera ona dute kontzertuek, bete egiten dira plazak, jendeak topera abesten du... Zoragarria da hori.
Besteak beste, hori bera eroango duzu Arrasateko agertokira. Nork berea eskaintzen du...
Duda barik. Nork berea eskaintzen du; hori da egia bakarra. Zehaztasun handiagoz erantzute aldera, baina, ez dakit zer esan dezakedan. Emanaldira etorri eta norberak ikusi dezala. Hori da geuk eskainitakoa gogoko duzun edo ez ikusteko modurik onena. Galtzekorik ez dago, behintzat! Musika, erosotasuna, umorea...
Baduzu agertokira igo aurretiko edo emanaldian zeharreko maniarik?
Trebeagoak izan ohi gara besteen maniak edo ohiturak identifikatzen geureak identifikatzen baino. Baina, esatearren: agertokira igo aurretik sarri noa komunera, soilik bandakoekin egon ohi naiz –umore muturtu barregarrian–, isiltasuna da nagusi... Bestetik, ez dut uste emanaldian zeharreko maniarik dudanik. Dena den, hurrengo kontzertuan erreparatuko diot horri.
Bestetik, sortzaile orok du inspirazio iturri bat...
Bai. Nire kasuan, egunerokotasuna bera eta horren bueltako elementuak lagungarri dira abestiak sortzeko. Besteak beste, sentsazioak, pertsonak, sentimenduak, egoerak, argia, itsasoa... ditut inspirazio iturri.
Gainera, hizkuntza ezberdinak darabilzkizu zeure abestietan.
Bai. Halaxe datoz; eta halaxe jasotzen ditut, besterik gabe. Esan daiteke aurrez zehaztu bako zerbait dela. Finean, ez dut uste gai bakoitzari hizkuntza zehatz bat dagokionik.
Eta, musika estiloari dagokionez ere, muga barik diharduzu.
Egia esan, konposatzen nabilenean ez diot musika estiloari erreparatzen. Datorrena datorrela, horri helduta noa. Sekula ez dut horren gaineko kontrolik izan. Norbaitekin koreografiarik gabe dantzan hastea bezala da, funtziona dezake edo ez. Finean, nahiko muga ditugu inguruan ezarriak; ez naiz neu izango gehiago eraikiko dituena. Beraz, musika libreki irten dadin uzten dut. Norbera ere harritzen du, batzuetan, sormenak.
Garaiak garai, oro har, nola dago musikaren mundua?
Horri dagokionez, egia esan, ez naiz horren baikorra. Desastre samar atzematen dut musikaren mundua. Baldintza ez duinetan egiten dugu lan, oraindik oso luzea da profesionalizazio duinera heltzeko bidea. Besteak beste, ez dagoelako gure egoeraren inguruko kontzientzia sozialik, ez da ikusten, jendeak ez daki, maila instituzionalean ezer gutxi egiten da laguntzeko, zailtasunez betea dago musikaren mundua... Nekatuta gaude, oso frustragarria da; oso tristea, era berean.