Sebastian Lozano: "Makalaren igoera ikuskizun bat da"
Iazko sari nagusiaren irabazlea izan zenez, aurtengo lehiaketa iragartzeko karteleko argazkia Sebastian Lozanorena (Arrasate, 1968) da. "Makalaren igoera beti iruditu zait gertutik jarraitu beharreko ikuskizuna dela eta iaz bertan egon nintzen. 200 milimetroko teleobjektibo batekin dago aterata argazkia, Herriko Plazako iturritik udaletxera begira; hasieran, bazirudien erlojuak molestatu egiten zuela, baina bere ukitu bat ematen dio argazkiari. Makalaren igoera zein ordutan hasi zen esaten digu". Lozanok ez zuen sari nagusia jasoko zuenik espero eta "sorpresa oso atsegina" izan zela du gogoan. Aurtengo jaietan ere irtengo da kamerarekin, oraindik zein ekitalditara joango den erabaki ez badu ere: "Beti dago kamerarekin bueltatxoa eman beharra, eta argazki batzuk aterako ditut".
Iñigo San Vicente: "Momentua antzeman eta atera beharra nuen..."
Sanjuanetako ezinbesteko osagai diren erraldoien kalejira Herriko Plazara heldu zenean ikusi zuen argazkia Iñigo San Vicentek (Arrasate, 1963). 2016ko lehiaketako sari nagusia irabazi zuen, gainera, detaile eder bezain ezberdina erakusten duen argazkiarekin: "Erraldoien eta Kilikien Konpartsako kide batzuk ezagutzen ditut eta haiekin batera joan ginen kalejiran alde zaharreko kaleetan barrena, Herriko Plazan deskantsua hartu zuten arte. Orduan ikusi nuen umeak erraldoietatik sartu eta irten ari zirela eta pentsatu nuen argazki kurioso bat ateratzeko modukoa zela. Hainbat atera eta hau [argazkiari seinalatzen] bidaltzea erabaki nuen".
San Vicentek uste du umeak eta haren keinuak egiten dutela berezi argazkia: "Uste dut argazki ezberdina dela, originala. Momentua antzeman nuen eta argazkia atera beharra zegoen...", gaineratu du. Argazki ederra zela jakin arren, ez zuen 2016ko San Juan Jaietako sari nagusia eramango zuenik espero. Azaldu duenez, "ederrena" da umeari erretratua oparitzeko aukera ere izan zuela: "Umea ezagutzeko aukera izan nuen eta ilusio handia egin zion umeari eta, bereziki, amari. Horixe izan zen pozgarriena". Bestalde, aurtengo jaietako azken egunean bakarrik egongo da Arrasaten: "Ekitaldi ikusgarrienak igarota egongo dira, baina ez naiz aldez aurretiko ideia batekin irteten den horietakoa. Beraz, ea aurkitzen dudan...".
Juan Luis Elizaran: "Ez dakizu epaimahaiak zer baloratuko duen"
Eskarmentu handia duen beste argazkilari bat da Juan Luis Elizaran (Arrasate, 1955) eta urtero bere kamerarekin jasotzen dituen ekitaldien artean San Juan jaiak gorriz markatuta izan ohi ditu. Izan ere, urtero irteten da herriko jai nagusietan kamerarekin. ArtGazkik antolatutako lehiaketan saritua izan zen erretratutik, suak ematen duen argitasuna da berezia, haren ustez: "San Juan suak oso argitasun berezia ematen dio argazkiari. Dantzariak argiztatzen ditu eta Arrasateko alde zaharreko eraikin horiek modu difuminatuan ageri dira suaren argi berezi horri esker".
Horrez gain, argazkiaren konposizioa "bikaina" dela dio Elizaranek. Argazkiarekin oso gustura geratu arren, ez zuen saria jasotzerik espero: "Epaimahaia aditu ezberdinek osatzen dute eta sekula ez dakizu zein argazki aukeratuko duten. Urteak daramatzat lehiaketetan parte hartzen eta uste izan dudanean irabazteko moduko argazkia aurkezten nuela, sari barik geratu izan naiz. Eta alderantzizkoa ere gertatu izan zait. Sekula ez dakizu epaimahaiak zer baloratuko duen". Aurten ere, dioenez, ahaleginak egingo ditu jaietako une berezienak betikotzeko. Badu ideia bat buruan, baina, ulertzekoa denez, ez du publiko egin nahi izan: "Jaiak bukatu ostean esango dizuet ea buruan nuen hori gauzatzea posible izan den...".
Antonio Murillo: "Denok dugu ideia on bat, ziur nago"
Erretratu ezberdin baten bila joan zen Antonio Murillo (Arrasate, 1963) iaz, eta Trikitixa Eskolakoei argazkirako jartzea eskatu zien. "Ideia zen makala bandera eta guzti ateratzea, baina zerua oso gris zegoen eta zaila zen argiak konpentsatzea".
ArtGazki elkarteko kidea da Murillo eta dio iaz oso maila handia egon zela: "Gutxi aurkeztu ziren, baina irabazteko hautagai zirenak oso onak ziren; epaimahaiarendako bereziki zaila izan zen argazki bat aukeratzea, baina asmatu zuten. Guk ez dugu lehiaketa irabazi nahi, jendeak parte hartzea baizik". Izan ere, Murillok argi dauka argazki on baterako ez dela kamera profesionalik behar: "Enkoadraketa eta une perfektua harrapatuz gero, mugikor batekin atera daiteke argazki irabazlea. Denok dugu ideia on bat, ziur nago". Horrez gain, uste du lehiaketak maila mantendu behar duela: "Hobe da batzuetan sari bat eman gabe uztea".