Danborrak prest dituzte San Juan jaietarako

Imanol Beloki Unamuno 2018ko eka. 20a, 09:00

Iazko Nagusien Danborrada, Garibai etorbidetik igarotzen

Ekainaren 23an, zapatuan, San Juan bezpera izango da, eta San Juan suaren ostean hasiko da nagusien danborrada, 23:00etan. SUDCek antolatuta, Biteri plazan hasiko da danbor-joleen ibilbidea, plazan amaitu arte, eta herriko kaleetan zehar entzun ahal izango dira danbor hotsak. Ibilbidea honako hau izango da: Biteri plaza, Zerkaosteta, Garibai etorbidea, Maalako Errebala, Erdiko kalea eta Herriko Plaza.

Iaz, bederatzi konpainiaz osatuta, 200 pertsonatik gora izan ziren danborradan, eta Eva Romero izan zen lehenengoz zuzendari nagusia. Aurten ere, hura izango da zuzendari lanetan. "Ez dugu jakingo azken momentura arte zenbat pertsona izango garen danborradan, baina Mondrako taldea ez da irtengo, ez baitute taldea osatu. Beraz, zortzi konpainia izango gara. Horrez gain, prestaketa lanak ondo doaz; izan ere, maiatzaren azken astea ezkero, astelehen eta eguaztenero ari gara entseatzen, fin-fin".

Arrasatekoek, garrantzia

Guztira, 10-12 pieza joko dituzte ibilbide osoan, nahiz eta oraindik ez dituzten finkatu. "Entseatu, guztiak entseatu ditugu, baina ez dut uste denak joko ditugunik. Arrasateko kantuek izango dute preferentzia: Gora Arrasate piezak eta Danok Bat, Udalpe eta Amaika Gazte elkarteetakoek. Izan ere, danborrada arrasatearra eskaini nahi dugu, gurea".

Berrikuntza barik

Iaz, berrikuntza moduan, kantu berri bat jo zuten, eta aspaldiko beste bat berreskuratu. Aurten, ordea, ez da berrikuntzarik izango. Txarangak lagunduta arituko dira danborra jotzen, sanjuanei hasiera ederra emateko.

Iban Diaz: Musakolako Jai Batzordeko kidea: 

Duela sei urte hasi zen Musakolako konpainia San Juan jaietako danborradan parte hartzen, eta aurten ere ez dute hutsik egingo.

Nola joan dira danborradako entseguak?

Duela hiru aste inguru hasi ginen entseguekin, eta, urduri samar gauden arren, prest gaudela uste dut.

Musakolakoek baino hobeto gutxik joko dute, ezta?

Musakolako konpainia 30 lagun inguruk osatzen dugu, eta danborra profesionalen moduan jo ez, baina beti gogoz eta alai.

Egunen batean izango duzue Musakolako danborrada propioa?

Baliteke… Eginez gero, ederra litzateke. Ikusiko dugu; agian, urteren batean egingo dugu. Hala ere, jendea animatu beharra dago, danborrada gal ez dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak