Ekainaren 23an San Juan bezpera gaua ospatuko da mundu osoko eta Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan. Urteko egunik luzeena da San Juan bezpera, eta sua piztuta eta txarrak bertara botata ospatu ohi da egun hori. Udako solstizioari lotutako festa eta ospakizuna da, kristautasuna ezarri baino lehenagokoa.
Sua pizteaz gain, gau horri loturik dauden hainbat ohitura eta sinismen mantendu dira Euskal Herrian mendeetan zehar. Landareek, adibidez, garrantzi handia izan dute udako solstizioaren ospakizunean. Baserri zein etxeetako sarrera zein balkoietan, lizar edo haritz adarrak ipintzen ziren, etxea babestuta mantentzeko helburuarekin.
Makala, hasieraren adierazle
Gehiago ere badira egun horri lotuta Euskal Herrian dauden ohitura edo usadioak eta horietako bat da herriko plazan landare bat landatzeko ohitura. Nekazariendako, adierazgarria den ekintza da hori. Arrasateko plazan, urtero bezala, makala ipiniko dute San Juan bezperan. Jaien hasiera irudikatuko da horrekin, beste hainbat tokitan egiten den moduan. Beti bezala, 17:00etan abiatuko dira makalarekin herriko gazteak, txosnagunetik.
Txopo-poteoa egingo dute eta 18:00etan, plazan jasoko dute hori. Makalaren igoerak ez ditu buruko-min gutxi eman izan eta hainbatetan erori ere egin da igoeraren unean. Duela urte batzuetatik hona, mugatu egin da makala igotzeko unean parte hartzen duen jende kopurua. Horrela, orekatuagoa da, alde batetik, eta, bestetik, egiten den indarra eta, ondorioz, igoera, seguruagoa.
Kamiseta berria
Makalaren igoeran, urtero kolore bat da protagonista; gazteek soinean jantzita daroaten kamisetarena. Aurtengo kolorea urdina izango da eta kamisetaren irudian Arrasateko alde zaharra ageri da, bihotz formarekin. Ane Zuazubizkarrek eta Iñaki Telleriak egin dute irudiaren diseinua. Kamiseta eskuratu ahal izango da herri bazkarirako txartelekin batera. Horiek erosteko aukera egongo da Irati, Jaizale eta Iluntz tabernetan, 18 euroren truke.