Euskal Herrian kea, sua eta sorginkerietarako unea da San Juan eguna. Ura, sendabelarrak eta sua protagonista bilakatzen diren unea. Ez dira protagonista bakarrak. Suaren inguruan egiten diren dantzak dira-eta San Juan jaietan nabarmentzen diren beste elementu bat. Arrasaten, 25 urte dira errementari dantza San Juan bezpera girotzen hasi zela. 25 urte, musika, pausoak eta herriko historia batzen dituen dantza herriko jai nagusienen hasieraren ikur bilakatzen hasi zenetik. Eta herriko gazte askok eta askok errementari dantzarik bako jairik bizi izan ez badute ere, duela 25 urte, ez gehiago, sortu zen dantza da. Aurten, 26. aldiz egingo da.
Arrasatear baten sorkuntza
Jose Ramon Vitoria arrasatearra da errementari dantzaren aita. Eta ez da herrian errotu den dantza bakarraren egilea, hura da-eta santamasetan egiten den txerri dantzaren sortzailea ere. Txerri dantza neguko solstizioarekin lotutako dantza da; errementari dantza, berriz, udako solstizioarekin lotutakoa. Hain justu ere, txerri dantza izan zen Jose Ramon Vitoriak herriko beste hainbat talderekin batera elkarlanean sortu zuen lehen lana. Gero etorri zen errementari dantza. Izena Arrasaten burdingintzak izan duen garrantziaren ikur da. Jose Ramon Vitoriak doinua konposatu zuen lehenik. Horretarako, Legazpiko Mirandaolara joan zen eta bertan entzun zituen kolpe gordinen hotsetan oinarritu zuen errementari dantzaren doinua. Tarte tristeago bat ere badu dantzak, eta horrek burdingintzan aritzen ziren askoren eta askoren heriotza gogorarazi gura du. Ofizio arriskutsua zen, eta, tamalez, jende asko hiltzen zen.
Dragoia ikuskizunerako
Errementari dantzaren ikuskizunean protagonismo berezia du dragoiak. Dragoi itzela da, ikuskizunerako propio egindakoa, eta horrek berezi egiten du Arrasateko San Juan sua. Herri gehienetan San Juan bezperako ezinbesteko osagai dira sua eta dantza, baina Arrasatekoa besteetatik bereizten duena da herriko kaleetan lehenengo eta plazan ondoren agertzen den dragoia. Hala, dragoiaren presentziarekin, Arrasateko kondairarekin lotura zuzena egiten du ikuskizunak.
Dragoiarena Haritz Soluperen ideia izan zela gogoan du Jose Ramon Vitoriak. Arrasate Musikaleko Orkestrako musikaria zen Solupe eta Ingeniaritza ikasketak egiten ari zen une hartan. Hark egin zituen dragoiaren diseinua eta maketazioa. "Debako Arte Eskolan egin genuen orduko dragoia. Sei metro zituen, oraingoa baino askoz handiagoa zen, beldurgarriagoa", dio Jose Ramon Vitoriak. Orduko hura hondatu egin zen, ordea, eta duela hamar bat urte egin zuten gaur egungoa.
Elkarlanaren fruitua
Ideia ikuskizun bihurtzeko, herriko hainbat talderen arteko elkarlana ezinbestekoa izan zen. Txistulariak, trikitilariak, gaiteroak, musika banda eta dantza taldeak. Doinuari pausoak ipintzearena Lore Gazteak dantza taldearen lana izan zen. "Jose Ramon Vitoriak bazuen udako solstizioarekin lotura zuen ikuskizun bat buruan. Burdinarekin eta dragoiarekin zuen lotura eta guri eman zigun doinuari dantza ipintzeko ardura", gogoratu du Lore Gazteak dantza taldeko Xeli Arregik. "Herri mailako talde bat gara, baina Vitoriak konfiantza zuen gugan eta lanari ekin genion". Denbora tarte bat eman zuten dantza sortzen. Astean bi bider elkartzen ziren taldeko sei-zortzi lagun, errementari dantza osatzen duten piezei mugimendua ipintzeko –lau pieza ditu dantzak: aurreko paseoa, alkate dantza, ingurutxoa eta polka–.
Aurreko paseoaren dantza osatzeko, Jose Ramon Vitoriak burdina erabiltzea proposatu zuen, baina dantza taldeko kideek zail ikusi zuten. Hala, kontuan izanda burdina egiteko sua behar dela eta sua egiteko egurra, paseoa egur makilekin egitea bururatu zitzaien. Plazan egiten diren alkate dantza, ingurutxoa eta polka sortzeko, berriz, beste dantza batzuetako pausoak hartu eta moldatu zituzten. "Dantzak sortzen gindoazen heinean, dantza taldeko gainontzeko kideei erakusten genien sortutakoa, eta denon artean joan ginen forma ematen. Alkate dantza Gipuzkoako pausoetan oinarrituta sortu genuen, Juan Ignazio Iztuetak jasotako Gipuzkoako pausoetan".
25 urteotan bere bidea egin du errementari dantzak eta ikuskizunaren arrakasta handituz joan da, gaur egun, sanjuanetako ikur bilakatzeraino. "Oso polita da zer bilakatu den ikustea. Ikastoletako umeek ere ikasi egiten dute eta herrian dantzatu egiten da", dio Arregik.
Ekainaren 23an, San Juan bezperan, 21:00etan hasiko da errementari dantza.