Ameriketako Estatu Batuetako Los Angeles, Las Vegas eta San Frantzisko hirietan izan da Asier Sala arrasatearra Bad Co. Project taldearekin bi asteko bira egiten. Hamalau egunean hamaika kontzertu eskaini ditu Berlingo taldeak, eta, besteak beste, Angelic Upstarts, GBH eta The Briefs taldeekin partekatu dute oholtza.
Atlantikoa zeharkatu aurretik, baina, Berlinen igaro zituen egun batzuk: "Lehenengo, Berlinera joan nintzen, bira hasi aurretik, entsegu batzuk egitera. Han ia egunero jo dugu, eta hori prestatu egin behar izaten da aurrez. Beraz, egun batzuk Berlinen igaro nituen; ondoren, hona itzuli, maleta egin, eta Los Angelesera abiatu nintzen", adierazi du arrasatearrak.
Duela bi urte, ekialdeko kostaldean egin zuen bira Salak talde berlindarrarekin, eta oraingoan, mendebaldeko kostaldera joan dira. "Ekialdeko bira desberdina izan zen. Jendea hotzagoa zen, kontzertu aldetik ere underground-agoak ziren eta lokalak, askoz txikiagoak. Mendebaldean jendea harroagoa da, demostratu nahi dute diru gehiago dutela, eta kontzertuak egiteko areto handiagoak dituzte. Beraz, luxua izan da guretzat". Horrez gain, ekialdean ordu asko pasa behar izan zituzten furgonetan, kontzertu batetik besterako bidaietan. Oraingoan, ordea, dena nahiko gertu eduki dute. "Ordu asko pasatu genituen leku batetik bestera eta presaka ibiltzen ginen. Lekura iritsi, soinu probak egin, kontzertua jo eta alde. New Yorken, adibidez, taberna bat besterik ez nuen ikusi, kontzertua eskaini genuen taberna. Ondoren, hotelera joan, lo egin, hurrengo egunean goizean goiz esnatu eta beste zortzi orduko bidaia egin genuen. Hala izaten zen egunero. Aurten, zona txikiagoan egin dugu bira eta tarte txiki bat izan dugu leku berriak ezagutzeko eta hondartzan apur bat deskonektatzeko".
Bad Co. Project taldeko kideak, Pirates Press estudioetan, Kalifornian. Argazkia: Bad Co. Project.
Nor bere aldetik
Taldekide bakoitza bere kabuz joan da AEBetara. "Musikari moduan bazoaz, lanera zoaz, eta tasa batzuk ordaindu behar dituzu, nahiko garestiak direnak. Beraz, saiatzen gara maletarekin bakarrik joaten, eta gero, han jartzen digute materiala eta garraioa. Duela bi urte, harrapatu egin gintuzten, eta konturatu ziren talde bat ginela. Esan ziguten berriro eginez gero, neurri zorrotzak hartuko zituztela gurekin. Beraz, ni bakarrik joan naiz eta beste laurak binaka, egun desberdinetan. Hala ere, beldurtuta joan gara".
Crim izeneko talde kataluniarrarekin egin dute bira osoa eta haiek ere gauza bera egin dute, nor bere aldetik joanda. "Esperientzia ederra izan da haiekin ibiltzea. Nire ingelesa ez da oso ona eta sei kataluniar hauekin egunerokotasunean berba gehiago egiteko aukera eduki dut", azpimarratu du Salak.
Esperientzia "txar" bakarra
Las Vegasen bi kontzertu jo ostean, beste bat jotzeko eskatu ziguten beste batzuek, eta esperientzia txarra izan zen hura. Diru caché bat jarrita daukagu, eta uste izatekoa da ordaintzen duenak leku egokia daukala kontzertu bat eskaintzeko. Hala ere, heldu ginen eta garaje txiki ziztrin bat zen, lau pertsona arraro barruan zeudela. Ez zigun sentsazio onik eman eta ikusi genuen baldintzak oso txarrak zirela. Ez zegoen ekiporik, anplifikadoreak oso txikiak ziren, guztia zaharkituta zegoen, eta abar. Crim taldekoek jotzea erabaki zuten, eta guk alde egin genuen. Handik gutxira, ordea, deitu egin ziguten, esanez euren bila joateko; lau pertsona horiek elkarri joka hasi zirela, hango beste talde baten materiala apurtzen zebiltzala, eta abar. Euren bila joan ginen eta alde egin genuen. Horretan geratu zen kontua. Zorionez, ez zitzaien ezer gertatu", kontatu du Salak.
Gainontzean, dena "primeran" joan dela dio Salak. "Momentu oro egon gara lagun artean. Sucker –taldeko abeslaria– egonda zegoen han aurrez, Oxymoron taldearekin, eta lagun asko ditu. Horrenbestez, oso ondo zaindu gaituzte".
'Merchandising'-arekin, akatsa
Arrasatearrak aitortu du ez dutela asmatu merchandising-arekin. "Las Vegasen ohitura handia dago postu handiak jartzeko, eta biniloak eta kamisetak asko saltzen dira. Guk ez genuen kontuan hartu hori eta gauza gutxi eraman genituen. Azken lau egunetan ez genuen materialik saltzeko, eta galera pixka bat izan dugu. Beraz, hurrengorako baditugu gauza batzuk zuzentzeko".
Disko berriak
Salak aurreratu du Bad Co. Project taldea disko berriarekin ari dela. Hala ere, Gabon ingururako aurreikusten dute, distantziak direla eta, "gutxinaka" ari direlako aurreratzen. Berlingo taldeaz gain, arrasatearrak badu proiektu pertsonalago bat: The Potes. Hauek ere disko berria kaleratzekotan dira, "hamaika edo hamabi" kantu izango dituena. Hasiera betan, uztailean grabatu eta irailean kalean izango dela aurreikusten dute. Salak dio "oso talde indartsua" osatu dutela zazpien artean. Bihar, eguena, Azpeitiko plazan joko dute kontzertua, 23:00etan, The Fridays Crew taldearekin batera.