Guztira 1.650 sinadura batu zituzten Arrasateko oposiziokoek, herrian egindako sinadura bilketan eta agerraldi-eskaera egin zuten Batzar Nagusietan Mugikortasun batzordera Arrasateko Udalaren oposizioko hiru bozeramaileak joateko, herriko autobus zerbitzuetan murrizketarik ez egoteko jaso zuten sinadura bilketa eta aurreikusten diren murrizketa guztiak azaltzeko.
Hala ere, oposiziokoek diote, EAJren eta PSEren "jarrera hipokrita" mahai gainean jarri beharra daukatela, batzarretan behin eta berriz erakusten dutelako "gauza bat esaten dutela, eta beste gauza oso ezberdin bat egiten dutela".
Salatu dute EAJk eta PSEk gehiengoa "mailu" bezala erabili dutela, eta Batzar Nagusietan euren errealitatea azaltzeko aukera "kendu" dietela.
Egoera horren aurrean, mozio bateratu bat aurkeztuko dutela iragarri dute hiru alderdietako ordezkariek. Mozioa Arrasateko Udaleko uztaileko osoko bilkuran aurkeztuko dute batetik, eta Batzar Nagusietan ere aurkeztuko dute.