Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, diru kontuak saneatuta daude eta datorren urterako erronka da salmentetan %2 igotzea. "Azken urteetako joerari eutsiz, parra gabiltza. Ez dugu zor aipagarririk eta beraz, ondo. Gaur [atzo] onartu dugun aurrekontuan aurreikusten dugu %2ko igoera salmentetan, horixe izango da gure erronka".
Audientzia datuekin oso pozik
Bestalde, azken urteko balorazioa egiterakoan Goienak bezeroaren aurrean sinesgarritasunean irabazi duela nabarmendu du zuzendari nagusi Iban Arantzabalek eta audientzia datuei dagokienez, telebista eskaintza gero eta zabalagoaren aurrean Goiena telebistak eutsi egiten diola, Goiena.eus gora eta gora doala etengabe –%25eko igoera eta 7.000 erabiltzaile ezberdin egunero– eta paperean bailarako liderra dela dio.
Aldizkari digital multimedia berria
Batzar Orokorrean landu ziren bestelako gaien artean azpimarratu beharra dago Tokikomekin aldizkari digital berri bat kaleratuko dela uztailean: "Ezin dugu oraingoz larregi aurreratu; aldizkari berri bat izango da, Goienan egingo da baina ez du Goienak bakarrik egingo. Tokikometik bideratu da eta Kataluniako enpresa batekin elkarlanean egingo dugu. Aldizkari bat izango da Euskal Herrian ez dagoen modukoa eta izango da aldizkari aberastu bat; telefonoetan eta tabletetan ikusi ahal izango da, astero aldizkari berri bat".
Horrez gain, efizientzia energetikoan irabazteko egoitzako fatxada berritu egingo dute. Bost hilabetetan lanak amaituta egotea aurreikusten da eta fatxada berriarekin energian %40 aurreztea lortuko litzateke.
Argazkia: Fatxada berriaren itxura