2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da Euskal Herrian Euskaraldia, eta Arrasaten badituzte dagoeneko Euskaraldiaren enbaxadore izango diren hamaika herritarrak. Eguaztenean aurkeztu zituzten horiek, Arbolapetan egindako ekitaldian.
Arrasateko GEIKEk herriko euskaltzaleak batu eta aktibatu nahi ditu, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskara gehiago erabiltzera bultzatu, eta helburu horrekin dabiltza lanean euskara taldeak, Udala eta ikastetxeak.
Euskaraldian, beraz, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den horretan, euskaraz dakiten guztiak euskaraz bizi daitezen bultzatuko da eta euskaraz ulertzen duten guztiak euskaraz jardutera.
Hamaikakoa
Horretarako, batzuk ahobizi-ak izango dira eta beste batzuk, belarriprest-ak. Eguazteneko ekitaldian, Arrasateko hamaikakoa aurkeztu zuten. Horietatik sei izango dira ahobizi-ak. Haiek ulertzen duenari euskaraz egingo diote, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete. Hauek izango dira: Peru Altube, Iñigo Arregi, Jurgi Iraola, Ane Zabala, Arantza Aranzabal eta Malen Ruiz de Azua.
Belarriprest-ak ere badaude hamaikakoan, euskara entzuteko prest daudenak eta gainontzekoei euskaraz egiteko eskatuko dietenak. Hauek dira: Ouiame Ouchen, Vene Herrero, Sergio Valenti, Claudia Dipasquale eta Antonio Murillo.