Aprendices Eskolaren historia erakutsiko dute, argazkien bitartez

Miren Arregi Amasorrain 2018ko mai. 31a, 14:35

Arrasateko Aprendices eskola balioan jartzeko helburua duen erakusketa zabalduko du Arrasate Zientzia Elkarteak, bihar, egubakoitza, 18:30ean, Kulturaten. Ekainaren 29ra arte egongo da hori ikusteko aukera. Bertan, ikusgai izango dira hainbat herritarren laguntzarekin batu dituzten argazkiak.

Eskolaren alde ezberdinak erakutsiko dituzte eta irakasleen, ikasleen eta eraikinaren argazki zahar asko batu dituzte, baita musikarekin eta kirolarekin lotutakoak ere.

Aprendices Eskola bera eta 33 urtez Zerrajerako eskola moduan funtzionatu zuen eraikinean egindako lana balioan ipintzea da Arrasate Zientzia Elkartearen helburua. Bertako kideek diote, Arrasateko ondarea galtzen dagoela ikusita, ezinbesteko jotzen dutela Zerrajerarekin lotutako hainbat eraikin edo gune zaintzea.

'Ez da kasualitatea'

Ez da kasualitatea izena ipini diote erakusketari. Izan ere Arrasate Zientzia Elkarteko kideek diote ez dela kasualitatea oraindik ere eraikin horrek irautea eta era berean ez direla kasualitatea, eskolak eman dituen etekinak edo Arrasateko kooperatiba mugimendua.

Eraikin berezia

Eraikina noizkoa den galdetuta, zehaztea ez dela samurra diote Arrasate Zientzia Elkartekoek. Izan ere, 1905ko plano baten agertzen da, baina eskola inauguratu, 1939ko urrian egin zuten. 1944an itxura aldatu zioten eta garai hartako arrazionalismo estiloan egin zuten.

Donostiako arkitektura eskolan egin zuten proiektuan jasota dago eraikin berezia dela oso, eta fatxada nagusia osatzen duten elementuen konposizio bitxia azpimarratzen dute. Esan moduan, bihar 18:30an inauguratuko dute erakusketa. Bisita gidatua ere egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak