Irisgarritasun lanak egingo dituzte zehazki bake epaitegiko eraikinean. Arrasateko bake epaitegiko izapidegile Ugaitz Agundezek halaxe azaldu du obren zergatia: "Gurpildun aulkian zebilen emakumezko bat etorri zen epaitegira, sarreran koska txiki bat daukagu eta ezin izan zuen igo. Kexa bat jarri zuen hori moldatzea eskatzen eta azkenean sekulako obra egin behar dute. Igogailua jarriko digute eta komunak ere egokituko dituzte".
Obrak irauten duten bitartean, lau hilabete inguruz, BAZen egokitu dute gune bat bake epaitegiko zerbitzu horiek emateko. Orain arte moduan, zerbitzu guztiak emango dituzte bertan. Artxiboan dauden dokumentu guztiak baina, orain arteko eraikinean mantenduko dira obrak egin bitartean ere, eta hori izango da zerbitzuei dagokienez izango duten salbuespen bakarra. Dena dela, artxiboko dokumentuetara sarbidea ere izango dute langileek, zerbitzua herritarrei osotasunean eman ahal izateko.
Obren iraupena lau hilabete ingurukoa izango dela aurreikusten dute, eta eraikineko obrak bukatu ostean, betiko lekuan eskainiko dituzte bake epaitegiko zerbitzu guztiak.