Arrasatearren botoekin aukeratuko dira aurtengo kirol sarien irabazleak

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 15a, 16:45

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 7an izango da, baina aurten, berritasun gisa, arrasatearrek izango dute irabazleak aukeratzeko azken hitza. 14 urtetik gora izatea, eta arrasatearren erroldatuta egotea dira botoa emateko baldintzak. Botoa udal webgunearen bitartez eman beharko da, gaurtik hasi eta maiatzaren 31ra arte.

Botoa emateko www.arrasate.eus webgunean sartu, eta 'bozkatu kirol sarietan' klik egin behar da. Gaur aurkeztu du ekimena Ander Garay kirol zinegotziak, eta herritarrak parte hartzera animatu ditu.

Orain arte bezala, bi kategoriatan emango dituzte sariak: urteko kirolari onena, eta kirol ibilbideari saria.  Lehen sarirako honako zortzi kirolariak proposatu dituzte herriko kazetariek:

  • Izar Bedia, saskibaloi jokalaria: Aurten debuta egin du Estatuko emakumezkoen lehen mailan Gasteizko Lacturale Araski taldearekin. Eskoriatzako taldean eman zituen lehen urratsak, eta ostean Gasteizera egin zuen salto.

  • Ane Zabala, korrikalaria: Esperientziadun korrikalariak, belauneko lesio bat gainditu eta Arrasate-Udalatx lasterketa irabazi zuen, 45 urterekin.

  • Leintz Arizmendi nesken futbol taldea: Aurten lehen aldiz, elkarrekin aritu dira Mondrak, UDAk eta Arizmendik osatzen duten taldeak. Euskal ligan maila txukuna eman dute, maila eustea lortuz. Eta horrez gain, Lore Etxeandia taldeko jokalari aretxabaletarra ligako pitxitxia izan da.

  • Jonathan Perez, pertika-jauzilaria: Pertika-jauzilari arrasatearra 35 urtez gorako Europako azpitxapelduna izan da.

  • Ointxe!-Araski, saskibaloiko nesken kadete taldea: Ointxe!ko harrobiko talde hau Euskadiko txapledun izan da, Iturripen jokatutako lauko finalean. Denboraldi aparta egin dute, eta garaipen horri esker Espainiako txapelketa lehiatzeko txartela lortu dute.

  • Malen Ruiz de Azua, pertika-jauzilaria: Arrasateko kirolari onenaren saria jasotzea zer den badaki. Aurten pista-estalian, Gipuzkoako eta Espainiako txapeldun izatea lortu du.

  • Unai Rodriguez, eskubaloi jokalaria: Ford Mugarrik bosgarrenez jokatu du maila nazionalera igotzeko play-offa. Unai Rodriguez taldeko beteranoetako bat da, eta asko lagundu dio taldeari. Bere zifrek, hori egiaztatzen dute; 163 gol, ia zazpi gol partiduko.

  • Maialen Axpe, pertika-jauzilaria: Espainiako txapelketan brontzea, 4,40 metroko langa pasata. Emaitza horri esker, Estatuko inoiz egin den laugarren markarik onena eta Europako txapelketan aritzek txartela eskuratu ditu Axpek.

Kirol ibilbideari sariari dagokionez, honako boskotea proposatu dute Arrasateko Kirol Mahaia osatzen duten eragileek:

  • Iñaki Uribetxebarria: Squash-a Arrasaten ezin daiteke ulertu bera gabe. herrian kirola hedatzeko ahalegin itzelak egin ditu, herriko, bailarako eta Euskadiko txapelketak antolatuz.

  • Ointxe! Saskibaloi taldea: Aurten 50 urte bete ditu herriko saskibaloi taldeak. Herriko eta bailarako gazteei kirol honen balioak transmititzeko lan handia egin du, eta urterik onenetan Estatuko saskibaloiko bigarren mailan lehiatu izan da. Gaur egun harrobi oparoarekin dabil lanean; 25 talde eta 300 neska-mutil ingururekin.

  • Patxi Gorosabel: Arrasateko errugbiari lotuta egon da bizitza osoan zehar, jokalari, entrenatzaile edo zuzendaritzako kide bezala. Gaur egun kluba laguntzen jarraitzen du, eta kirol honen alde lan ikaragarria egin duela ukaezina da.

  • Besaide Mendizale Elkartea: 61 urteko ibilbidearekin Euskadiko elkarte garrantzitsuenen artean dago; bazkide kopuruagatik –1.850 bazkide, horietatik 967 federatu–, eta baita aktibitate kopuruagatik ere. Iaz, 30 ekintzatik gora antolatu zituzten.

  • Arantzazu Zubia: Gimnasia erritmikoa praktikatzen hasi eta kirol honetara lotu zen gazte-gaztetatik. Bera izan zen Dragoi gimnasia taldearen sortzaile. Gaur egun 130 neska inguru hartzen ditu klubak, eta asteburu honetan, esaterako, Estatuko Aerobic Txapelketa irabazi dute, hirunaka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak