Ford Mugarrik Maila Nazionala du jokoan, Iturripen

Xabier Urtzelai 2018ko mai. 11a, 09:56

Errioxako Soldaduras Carlos Clavijo, Kataluniako CH Poblenou, Nafarroako BM Iruña eta Ford Mugarri Arrasate taldeek Maila Nazionalera igotzeko fasea jokatuko dute gaurtik domekara arte Iturripen. Aste barruan GOIENA taldeko jokalariekin izan da:

Ford Mugarri Arrasateko jokalariendako igoera faseak ez dira gauza berria. Gazteendako bai, baina ez eskubaloian urteak daramatzatenendako, eta taldean oraindik badaude halako fase erabakigarriak jokatu izan dituzten hainbat beterano. Baina, aurreko urteetan, halakoak Katalunian, Valentzian, eta Galizian jokatu izan dituzte, ez Arrasaten.

Hori du oraingo asteburuak berezia: "Halako fase bat kanpoan jokatzea ederra izaten da, denboraldia agurtzeko modu ezin hobea da", dio duela hiru urte eskubaloira itzultzea erabaki zuen taldeko beteranoetako bat den Jonan Eskibelek: "Hiru urtean, bi fase jokatu ahal izango ditut, pentsa! Ez nuen halakorik espero eskubaloira itzultzea erabaki nuenean. Baina oraingoa berezia izango da, oraingoan etxeko txikien aurrean jokatu ahal izango dudalako. Hala ere, gu dagoeneko beteranoak gara, eta normalena da kantxan taldekide gazteek minutu gehiago izatea. Guk gure ekarpena egingo dugu".

Eskibelek berak ere ez daki beste beteranoetako batekin, Josu Herrerorekin, kantxan zenbat minutu partekatuko zituen. Zalantza barik, kapitainarendako ere hitzordu berezia izango da: "Halako faseak kanpoan jokatu izan ditugu lehenago ere, uste dut bost izan direla, baina, oraingoan, etxean antolatzeko apustua egin dugu, eta horregatik da berezia".

Gaurkoa, akaso, zailena 

Kontrarioen gainean, Herrerok onartu du gaurko kontrario BM Iruña dela ondoen ezagutzen duena: "Iaz Oñatiko taldeak Burgosen igoera fasean jokatu zuenean Iruña izan zen, hain zuzen, fasea irabazi zuena. Goragoko kategorietan jokatu izan duten jokalariak dituzte taldean, oso jende beteranoa da eta esperientzia handikoa. Hori horrela, zozketan ez dugu zorte handirik izan, hobe izango zen horien kontra domekan jokatzea; izan ere, hirugarren partidua jarraian jokatzea oso nekagarria izaten da eta gazteek beste freskotasun bat izaten dute. Errioxarren gainean ez dakigu askorik, eta egia da Katalunian orokorrean oso maila oneko taldeak egoten direla. Baina garbi dagoena da kontrarioei begira egon barik, guk gurea egin behar dugula, eta gure maila erakusten ez badugu ez dugula askorik egingo".

Minutuak ondo banatu behar 

Hain zuzen, talde osoena duenak asko izango du irabazita, eta atezainen lana ere ezinbestekoa izango da. Euskadiko Txapelketako igoera fasean, esate baterako, Asier Vallek lan azpimarragarria egin zuen: "Baina halako partiduak ez dira egunero errepikatzen". Eta Herrerok egin du azken jaurtiketa: "Zaleei esan etor daitezela eskubaloiaz gozatzera".

Igoera faseko ordutegiak:

Egubakoitza

• 18:00 Ford Mugarri Arrasate-BM Iruña Eskubaloia

• 19:45 Soldaduras Carlos Clavijo Calasancio-CH. Poblenou

Zapatua

• 17:00 Soldaduras Carlos Clavijo Calasancio-BM Iruña. • 19:00 CH Poblenou-Ford Mugarri Arrasate.

Domeka

• 10:30 BM Iruña Eskubaloia-CH. Poblenou • 12:15 Ford Mugarri Arrasate-Soldaduras Carlos Clavijo Calasan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak