Iazko Euskararen Egunerako eragile askok elkarlanean eta ilusio handiz egindako muralaren aurrean, Euskararen plazan, elkartu dira arratsaldean herrian euskara gehiago erabiltzeko lanean dabiltzan euskara taldeak zein Udaletako eta eskoletako ordezkariak, hainbat herritarrez gain. Muralarekin argazki kolektiboa atera dute eta adierazi dute Geike bilgunearen urte honetako erronka nagusia izango dela Euskaraldia herrian martxan jartzea.
Euskaraldia
Arrasatek eman du izena dagoeneko Euskaraldian eta Geike-tik adierazi dute herria "aktibatu" nahi dutela, herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko. Gaineratu dute ariketa pertsonala izango dela, baina taldearen babesa izango duela.
Baina zergatik "aktibatu" nahi dute herria? Arrazoi hau eman dute: "Eroso gaudelako, oso eroso. Izan ere, euskararen erabilerak oso hazkunde txikia izan du azkeneko urteetan eta azkeneko datuek erakusten dute erabilerak beheranzko joera hartu duela". Datu hauek eman dituzte horren aurrean: ezagutza %55 izanda, euskaraz hitz egiten dutenak %25 direla; gaztelaniaz, aldiz, %71. Beste hizkuntza batzuen erabilera %4koa da. Haurren artean, %41ekoa dela erabilera; gazteena %20koa eta helduena %25ekoa.
Horregatik, kezkatuta daude. Eta hauxe gaineratu dute: "Zenbat eta gazteago izan, euskara gehiago erabiltzen da, eta hori pozgarria da. Dena den, beheranzko joera horri buelta emateko, euskaldun gazte eta helduak aktibatu behar ditugu; alde egotetik euskaraz egitera pasatu, taldearen babesarekin hizkuntza ohiturak aldatu".
Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra proposatzen den ariketa soziala da, hau da, 11 egunez euskaraz dakiten guztiak euskaraz bizi daitezen nahi dute, eta euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz egitea.