Apirileko osoko bilkura bi pertsona berri aurkeztuz hasi dute. Lehenik eta behin, Ana Hidalgo idazkaria; Amaia Gorrotxategi ordezkatuko du, hau Azkoitiara lekualdatu baita. Eta bigarrenik, Larraitz Trojaola, EH Bilduko zinegotzi berria. Eneko Fernandezek utzitako hutsunea beteko du legealdia bukatu arte, eta hitza hartu duenean, gaur egungo egoera politikoari keinuak egin dizkio, Altsasuko gazteen kasua edo pentsioen problematika aipatuz, beste batzuen artean.
Irudia: Goian; Larraitz Trojaola. Behean; Ana Hidalgo.
Eguneko gai garrantzitsuenei heldu aurretik, ika-mika piztu duen gai bakarra kale garbiketarena izan da. Urtarrilean, garbiketa zerbitzua esleitzeko prozesua hutsik deklaratu ostean, hurrengo zortzi hilabeterako zerbitzua CESPAk egitea onartu dute, zerbitzua behin-betikoz esleitu bitartean. EAJk eta PSE-EEk alde botatu dute, Irabazik aurka eta EH Bildu eta Baleike abstenitu egin dira.
Mugikortasun plana, onartuta
Jarraian eguneko gairik garrantzitsuenetako bat botatu dute: 2027 urtera arteko Mugikortasun Plana. Aipatzekoa alderdi guztien aldeko botoekin onartu dela, batez ere, hurrengo 10 urteetarako erreferentziazko gida izango delako, gobernuan dagoena dagoela ere.
Helburu nagusien artean, gaur egungo mugikortasun tendentziei buelta ematea dago. Gaur egun arrasatearren desplazamenduen %53,9a motordun ibilgailuekin egiten dira, %5,9a garraio publikoan eta %40,2a oinez edo bizikletaz. Bertan jasotzen diren ekintzak gauzatuz gero, hamar urte barruko eszenario hipotetikoan, hauek lirateke portzentajeak: %30,3a motordun ibilgailuetan, %10a garraio publikoan eta %58,7a oinez edo bizikletaz.
"Asmo handikoa eta aurrerakoia" adjektiboak erabili ditu Ibon Arrupe hirigintza, ingurumen eta mugikortasun zinegotziak gaur onartu den plana definitzeko, eta gaineratu du "Arrasate Europa mailako hirien mugikortasunera" gerturako duela.
Intra enpresak 2017ko apirilean aurkeztu zuen aurreproiektua, eta ondoren mugikortasun mahaia deituriko organo kontsultiboaren bitartez –alderdi politikoak eta herriko beste hainbat eragile daude barne– ekarpenak egin zitzaizkion 2017ko maiatzean. Intra enpresak egindako aurreproiektua ikusteko egin klik hemen.
Plana azaroan edo abenduan onartzea zen udal gobernuaren asmoa, baina Elma-ko etxeetako biztanleek jarritako alegazioek eragin dute plana apirilean onartzea. Ez zeuden batere ados planak Gipuzkoa Etorbidean egiten zuen planteamenduarekin.
Irudia: Aurreproiektuak Gipuzkoa etorbidean autoak noranzko bakarrean joatea planteatzen zuen; Zigorrolatik erdialdera.
Erdialdetik Zigorrolarantz doan kale estu horretan –mural handia duena– trafikoa noranzko bakarrekoa izatea planteatzen zen, hau da, Zigorrolatik erdialderantz doan noranzkoa izatea bakarrik. Erdialdetik Zigorrolara joateko, trafikoa Etxe txikietatik pasa beharko litzateke, eta inguru horretan bizi direnek ez zuten hori begi onez ikusten; Etxe Txikiak eta martxoaren 8a kaleetan eta Deba hiribidean trafiko handia pilatuko litzatekeelako.
Hori dela eta Gipuzkoa etorbidean trafikoa bi noranzkotan mantentzea eskatu dute, eta egindako eskari hori txertatu egin dute mugikortasun planean.
[Mugikortasun planaren aurreproiektutik gaurkoan onartu den planera egon diren aldaketen berri jakiteko, egon adi bariku honetan argitaratuko den Goiena aldizkariari].
Baleike udal taldeak alegazioa aurkeztu zuen genero ikuspegia ez zelako aintzat hartzen mugikortasun planean. Anuska Ezkurrak azaldu du, ikuspegi hori ez dagoela planaren barruan, baina konpromisoa hartzen dutela bertako proiektu espezifiko bakoitzean hori kontuan izateko.
EH Bilduko Maialen Zabaletak autokritika egin du, ikuspegi hori hasietarik presente egon beharko litzatekeelako. Gaineratu du, "zorrotz" zainduko dutela proiektu bakoitzean hori betetzen den edo ez, eta mugikortasun saileko udal teknikarientzat formazio planak eskatu ditu.
Igor Urizar pozik azaldu da Eva Abuinek genero ikuspegia txertatzeko jarritako alegazioa betetzeko konpromisoa hartu delako. "Mugikortasun planak lanketa sakona izan du. Genero ikuspegiarena kontuan hartzeko konpromisoa dagoela ikusita, alde botatu dugu, batez ere, aurreko lan guztia baloratzen dugulako".
Soberakinak, onartuta
2017ko aurrekontutik 4.532.968,94 euroko soberakinak izan ditu Udal gobernuak, eta horiek nora bideratuko diren onartuta geratu da. Iazko kopurua baino zertxobait txikiagoa izan da, baina aurtengoan ere, legealdiko proiektu garrantzitsuenak finantzatzeko bideratuko da hein handi batean. Soberakinen ia %70a Kulturola eta Juan Arzamendi egitasmoek hartuko dute, 1.630.949,20 eta 1.534.489,34 euro hurrenez hurren.
Amortizazio hauekin, legealdiko bi proiektu garestienen exekuzioa ehuneko handi batean finantzatuta legokeela azaldu du EAJko Anuska Ezkurrak. Juan Arzamendiren kasuan, 5.550.012 euroko kostua izango dute lanek, eta azken ekarpen honi esker 4.674.489 euro izango lituzke udal gobernuak aurreztuta. Kulturolaren kasuan, lanak egitearen kostua oraindik zehaztu gabe dago –nahiz eta Juan Arzamendiren antzekoa izan daitekeela aurreratu duten–, baina azken ekarpen honekin 4.040.949 euro izango lituzkete aurreztuta.
Zero zor
EAJk eta PSE-EEk 2015ean hartu zuten Udal gobernua, eta Anuska Ezkurrak azaldu duenez, 3.000.000 euroko zorra zuen Arrasateko Udalak. 2011n, Bildu gobernuan zela eskatu zuen Udalak azken mailegua, eta hori ordaintzen jarraitzeko 655.000 euro bideratuko dira soberakinetatik.
2019ko aurrekontuetan egingo da mailegu horren azken ordainketa, eta era horretan zero zor egoeran amaituko du legealdia Udal gobernuak. "Momentu honetan bi udalerri daude EAEn, zero zorra dutenak: Bilbo eta Hondarribia. Arrasate egoera horretan utziko dugu legealdia amaitzerako, eta hala, datorren udal gobernuak baldintza aproposak izango ditu Arrasatek merezi duen kiroldegi berriaren inbertsioari ekiteko" azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.
Oposizioaren kritikak
Oposizioak gogor kritikatu du Udal gobernuak ez diela aukerarik eman soberakinak negoziatzeko. "Ez geundela festara gonbidatuta esan ziguten" adierazi du EH Bilduko Eneko Barberenak, eta gehitu du Udal aurrekontuetan adostasunetara heltzeko izan zuten borondate faltaren jarraipen bat izan dela. "Udal administrazioa enpresa baten pare kudeatzen duzue, irabazi eta galera parametrotan" adierazi du eta Udal batek zero zor izatea ez dela berez ona ere gaineratu du.
Baleikeko Igor Urizarrek bat egin du Barberenaren kritikekin. Esan du, Udal gobernuak hasieratik utzi ziela argi ez zuela soberakinen gaia negoziatuko, eta izandako "zintzotasuna" eskertu du. "Beste batzuetan akordiorako borondatea izan duzuela esan duzue, nahiz eta gezurra izan. Oraingoan, behintzat, egia esan duzue hasieratik".
Irabaziko Juan Luis Merinok ere ildo beretik jarraitu du, eta negoziatzeko borondate falta hori "kalitate demokratiko eskasa" hitzekin definitu du. Soberakinei buruz, zera adierazi du: "Parke eta obra asko, eta enplegu eta ongizate gutxi".
Botatzeko orduan, EAJk eta PSE-EEk alde egin dute, eta EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik aurka.
Mozioak
Ondoren lau mozio jarri dituzte mahai gainean. Lehena, Irabazik memoria demokratikoarekin araudiarekin planteatutakoa, onartua izan da. Denek alde botatu dute, abstentziora jo duen PSE-EEk ezik.
Bigarrena, prekarietatearen aurka Baleikek eta Irabazik aurkeztu dutena izan da, baina ez du aurrera egin, udal gobernuak aurka botatu duelako. "Mozioaren filosofiarekin bat egin arren, ez dagokio Arrasateko Udalari Eusko Jaurlaritzako enplegu planaren kontrol lanak egitea" adierazi du EAJko Anuska Ezkurrak. Oposizioak alde botatu du, eta udal gobernuak, aldiz, aurka.
Hirugarrena, Catalunyako egoerari buruz EAJk aurkeztutakoa izan da. Besteak beste "kezka eta gaitzespena" hitzak aipatzen ziren prozesuarekin lotuta egin diren atxiloketen harira. EAJren eta Baleikeren aldeko botoei esker izan da onartua. PSE-EEk aurka botatu du, nagusiki, gai hau ez delako Arrasateko Udalaren konpetentzia. EH Bilduk abstentziora jo du, batez ere, "konponbidearen ardura kataluniarrengan uzten delako, espainiar gobernuaren ardura aipatu gabe".
Azken mozioa ere EAJk aurkeztu du, herriko ondarea zaintzearen inguruan. Arbolapetako arku berriztuan agertutako pintadak jarri dituzte adibide gisa, eta azaldu dute pintaden aurkako tratamenduek ondarea larriki kaltetzen dutela. "Ez dugu pintadetan agertu diren mezuetan sartu nahi, batez ere, dei egin nahi diegu herritarrei eta alderdiei ondarea errespetatzeko" adierazi du Anuska Ezkurrak.
EH Bilduko Eneko Barberenak esan du, pintadak egitea ez dela txukuna. Hala ere, esan du ondarea ez direla eraikinak bakarrik, "baita natura ere". "Gesalibarreko akuiferoak ere ondarea dira, eta baita Leize txiki ingurua ere, nahiz eta bertan hormigoizko paretak jartzeak ez dizuen arduratzen".
Baikeko Igor Urizarrek salatu du mezu politikoak dituzten pintadak bakarrik kentzen direla, nahiz eta ukitu politikorik ez duten pintadak ere badauden. Oscar Garciak erantzun du, esanez, edozein herritarrek pintada bat kentzea eskatzen badu, kentzeko konpromisoa hartzen dutela.
Udal gobernuaren aldeko botoekin onartu da mozioa, EH Bilduk aurka botatu du eta Baleikek abstentziora jo du.