2016ko aurrekontuen soberakinak nora bideratuko diren erabakita

Aprendizen eraikina, Kulturola, eta Makatzenako igogailua finantzatzeko bideratuko da zatirik handiena, (3.420.000 euro) eta 1.191.000 euro, aldiz, oposizioko taldeek proposatutako gaietara. Bukaeran, asteburuko pintaketak aho batez salatzeko mozioa sartu dute gai zerrendan, baina, ez da alderdi guztien babesarekin onartu.

Martxoko osoko bilkuran baino gai gutxiago izan arren, mamia eduki du apirilekoak ere. Eguneko gai garrantzitsuenean eztabaida piztu da, 2016 urteko aurrekontuak utzitako ia 5.000.000 euroko soberakina zein inbertsio egitera bideratuko den lantzen zen puntuan, hain zuzen.

Bi poltsa nagusi soberakinentzat

4.701.000 euro nora bideratuko diren azaldu du Udal Gobernuak, bi poltsa nagusi bereiziz; lehena, 3.420.000 eurokoa, EAJk hauteskunde garaietan hartutako konpromisoak finantzatzeko, eta 1.191.000 euroko beste bat, oposizioak aurtengo aurrekontuen harira proposatutako gaietarako.

Lehen multzoan, Udal Gobernuarentzat lehentasuna diren hiru gai izango dira; Aprendizen eraikina, Kulturola eta Makatzenako igogailua.

Bigarren multzoan aldiz, honako gaiak daude, horietako batzuk oposizioko taldeek eskatutakoak; Musakolako igerilekuen klimatizaziorako lanak, Artabilla baserrirako bidea konpontzea, Zeharkale Estaliko pisu berri bat erostea, Etxezarretako lursailak erostea, San Antolingo eskoletako argindar transformadorea lekuz aldatzea eta Uribarri Etorbideko urbanizazio lanak.

Udal Gobernuko kideen aldeko botoekin egin du aurrera neurriak, eta EH Bilduk eta Baleikek aurka bozkatu dute. Eneko Barberenak aipatu du Hidalgobason egin beharreko lanak proposatu dituztela, besteak beste, eta horiek ez sartu izanagatik aurka bozkatu dutela. Baleikeko Igor Urizarrek, aldiz, salatu du soberakinetako zentimo bat ere ez dela bideratzen behar gehien dituztenak laguntzera, edo genero ezberdintasunaren eraginak baretzera.

Udal Gobernuaren izenean hitz egin du jarraian Anuska Ezkurrak, esanez, ez duela aurka bozkatzea ulertzen oposizioak planteatuko gaiei lekua egin dietenean.

Urgentziazko mozioa asteburuko pintaketen harira

Nahiz eta eguneko gai zerrendatik kanpo egon, urgentziaz onartu dute asteburuan Mozalik Ez! leloarekin egindako 160 pintaketak salatzeko mozioa bozkatzea. Udal Gobernuak osoko bilkura hasi baino 20 minutu lehenago eman die beste taldeei mozio honen berri, eta hori izan da, besteak beste EH Bilduk aurka bozkatzeko eta Baleikek abstentziora jotzeko erabilitako argumentuetako bat. Maria Ubarretxenaren esanetan, gaia pausatuago landu eta denen artean adostutako gaitzespen testu bat egitea ere planteatu dute osoko bilkura hasi aurretik, baina erantzuna ezezkoa izan dela azaldu du.

Azken orduko ekimena azaltzeko Anuska Ezkurrak hartu du hitza, esanez, hainbat herritarren kexak jaso dituztela gertakariaren inguruan, eta horrek eragin duela gaia urgentziaz sartu izana. Alderdi guztiak gertatutakoa salatzera gonbidatu ditu, "pintaketak estaltzeaz nazkatuta daudelako eta Udal Ondarea zein eraikin pribatuak larriki kaltetu dituztelako gertakariek".

EH Bilduko Eneko Barberenak esan du, gai honen atzean dagoen arazoa ezin dela urgentziazko mozio bidez landu, gaineratuz, ondarea kaltetzen duten pintaketak egitea ez dela EH Bilduren estilokoa. Ondoren EH Bilduko eta Baleikeko ordezkariek bat egin dute, iaz onartutako garbiketa ordenantzak utzitako zatiketaren eraginez gertatutako ekintzak direla esanez.

Kontuak kontu, mozioa Udal Gobernuaren aldeko botoekin onartu zen, eta bertan ondorengo hiru eskariak egiten zitzaizkion udalbatzari:

  • Gaitzetsi ditzala eta irmoki sala ditzala jokaera hezigabeak, zakarrak eta errespetu gabekoak.
  • Har dezala gure herriko ondarea behar bezala zaindu eta errespetatzeko konpromisoa.
  • Errespetua izanik oinarri, gure kaleak eta herria errespetatzera deia egitea
    arrasatearrak.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.