Liburuaren Egunari lotuta, era askotako ekintzak

Iker Oñate 2018ko api. 17a, 10:11

Asteon aurkeztu dute Liburuaren Egunaren bueltako egitaraua. Hala, era guztietako ekintzak izango dira  apirilaren 24tik maiatzaren 3ra bitartean. Aurtengoan, gainera, protagonismo berezia eman diote musikari.

Egun gutxi falta dira Liburuaren Eguna iristeko –apirilak 23–. Eta jada aurkeztu dute Arrasaten izango den ekintza sorta. Hain zuzen ere, lau hitzordu finkatu dituzte apirilaren 24tik maiatzaren 3ra bitartean. Horietan, protagonismo berezi du musikak. "Liburura mugatu barik, bestelako alorrak ere presente daude egitarauan. Finean, bibliotekan bada liburuaz aparteko eskaintzarik", azaldu du Asun Agirianok, Haur Bibliotekari teknikariak.

Eta Ipuin borobilak bataiaturiko ekintzak emango dio hasiera egitarauari; apirilaren 24rako finkatu dute hitzordua, Kulturateko Areto Nagusian –18:00etan hasiko da–. Bertan, ipuin kontaketa saioa eskainiko dute Elena Setien eta Amaia Puin musikariek; biolinaren doinuak izango dituzte lagun. Eta 4 urtetik gorako neska-mutikoentzat zein familientzat eraiki dute saioa."Entzuteko, ikusteko, abesteko eta jolasteko parada izango da bertan", argitu dute antolatzaileek.

Ostean, apirilaren 26an, bi ekintza izango dira gozagai. Tartean, Imanol Ituñoren Munduari bira (ia) 80 trukotan magia ikuskizuna –5 urtetik gorakoendako saioa izango da–. Santa Marinako auzo bibliotekan egingo dute ekintza, 18:00etan hasita. Eta plaza mugatuak direnez, bertara joan gura duenak aurrez eman beharko du izena; auzo bibliotekan bertan dago horretarako aukera.

Bestetik, Itzal zaunka kontzertu irudikatua antolatu dute egun bererako: Jexuxmai Lopetegik eta Noizbehinka Bandak jardungo dute Kulturateko Areto Nagusian, 19:00etan hasita."Literatura, musika, ilustrazioa eta ikus-entzunezkoa biltzen dituen ikuskizuna da", argitu dute antolatzaileek. Aipatu beharrekoa da Harkaitz Cano idazlea eta Antton Olariaga ilustratzailea ere izango direla hitzorduan.

Bukatzeko, Linbotarren itzalak ate ostean ikuskizun literario musikalak du egitaraua ixtearen ardura. Maiatzaren 3rako finkatu dute hitzordua, Kulturateko Areto Nagusian, 19:00etan hasita. Eta Asier Serranoren bi poesia liburu ditu ekintzak oinarrian: Linbotarrak eta Ate osteko itzalak. Antxon Sarasua eta Miren Fernandez musikarien laguntza izango du Serranok. "Euren ibilbideko hamar abesti izango dira saioaren hezurdura. Eta poemak irakurriko dituzte tarteka", diote antolatzaileek.

Zozketa

Bestalde, liburua maileguan hartzen dutenak saritu gura ditu bibliotekak: 100 euroko bi opari txartel banatuko dituzte liburu dendan erabiltzeko. Apirilaren 23tik 30era bitartean liburua maileguan hartzen dutenek esku hartuko dute zozketa horretan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak