Aurtengo egitarauan "abesbatzek pisu handia" izango dutela azaldu du Arrasateko Kultura teknikari Karmelo Alberdik. "Herriko Goikobalu abesbatzaz gainera, Oñatiko Ganbara abesbatza eta Landarbaso abesbatza izango dira. Ez dira, baina, abesbatzen ohiko emanaldiak izango, errepertorio bitxiekin datoz guztiak; proposamen gehienak, gainera, hainbat taldek elkarlanean landutakoak dira".
Aurten, sei emanaldi izango dira –hiru asteburutan banatuta–, guztiak doan, eta herriko agertoki ezberdinetan –San Juan Bataiatzailea parrokian, Kulturateko areto nagusian eta San Frantzisko elizan–. "Emanaldi guztiak, bat izan ezik, 20:00etan izango dira; apirilaren 22an Zaruk bikoteak eskainiko duena13:00etarako proposatu dugu Kulturateko areto nagusian", gaineratu du Alberdik.
Goikobalurekin estreinatuko da
Urtero moduan, herriko Goikobalu Abesbatza eta Arrasate Musikaleko Orkestra gonbidatu dituzte; ez dute, baina, orain arte bezala elkarrekin eskainiko emanaldia. Argentinako Opus 4 abesbatzarekin zabalduko du egitaraua, bihar, zapatua, Goikobaluk, eta herriko musika eskolako orkestra apirilaren 28an izango da. Eskolako zuzendari Marta Izagirrek aurkezpenean azaldu zuenez, "askotariko film ezagunen soinu bandekin osatutako erraz entzuteko errepertorioa prestatu dute.
Domekan, irakurketa musikatua
Ikusleak asetzeko helburuarekin, eta horietako bat da domekan Erdi Aroko musika lantzen duen Khantoria taldeko Ander Berrojalbizek eta Maider Lopez Delgadok Ander Lipus aktorearekin batera Kulturateko areto nagusian 20:00etan eskainiko duten Herejeen alaba ikuskizuna. Berrojalbiz: "Durangoko sorginen istorioa jasotzen du Sarrionandiaren Kristalezko bihotza narrazioak eta hortik abiatuta atera dut Herejeen alaba saiakera. Khantoriaren ikur den Erdi Aroko musikaren gainean, Lipusek Sarrionandiaren eta nire liburuko hainbat pasarte irakurriko ditu. Oso erraz ulertzeko eta jarraitzeko emanaldia da".