Abesbatzak izango dira protagonista nagusi XIV. Udaberriko Musikaldian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko mar. 29a, 09:15

Apirilaren 14an hasi eta maiatzaren 6a bitartean egingo dute aurten Arrasateko Udalak, askotariko herriko taldeekin elkarlanean antolatzen duen Udaberriko Musikaldia. Herriko Goikobalu abesbatza eta Arrasate Musikaleko Orkestra gainera, Oñatiko Ganbara abesbatza eta kanpotik etorritako askotariko artista gonbidatu ditu Udalak Musikaldiaren 14. aldiko egitaraua osatzeko.

Sei emanaldi izango dira –hiru asteburutan banatuta–, guztiak doan eta herriko agertoki ezberdinetan, eta  aurtengo egitarauan "abesbatzek pisu handia" izango dutela, azaldu du Arrasateko Kultura teknikari Karmelo Alberdik atzo, eguaztena, eguerdian, Kulturateko areto nagusian egin zuten aurkezpenean. Alberdik alboan izan ditu: Arrasate Musikaleko zuzendari Marta Izagirre; Oñatiko Ganbara abesbatzako zuzendari Aitor Biain, eta Goikobaluko presidente, Juan Antonio Barriocanal.

Hasteko, Opus 4 eta Goikobalu Abesbatza

Orain dela bi urteko Udaberriko Musikaldian izan zen Argentinako Opus 4 laukotea gonbidatu dute berriz ere Arrasatera, eta horiek izango dira herriko Goikobalu abesbatzarekin batera aurtengo egitaraua zabalduko dutenak. "Txorbela otxotearekin abestera etorri ziren eta orduan lotu genuen 2018an elkarrekin kreole-meza bat kantatzea. 50 urte bete ditu Opus 4 dagoeneko laukoteak eta erretiroa hartzeko asmotan ari direla eta, Europan bira egingo dute, eta geldialdietako bat Arrasaten egitea zen euren nahia. Apirilaren 14an egingo dugun emanaldian, hasteko hainbat abesti kantatuko dituzte eurek bakarrik, ondoren Goikobaluk hartuko du lekukoa, eta bukatzeko, kreole-meza abestuko dugu elkarrekin ", kontatu zuen Goikobaluko presidente Juan Antonio Barriocanalek.

Alberdik azaldu moduan, baina, abesbatzak izango dira oraingoan protagonista; hori horrela, Oñatiko Ganbara abesbatza gonbidatu dute bigarren astebururako. "Serenity proposamenarekin gatoz gu. izenburuak adierazten duen moduan, lasaitasuna transmititu gura duen errepertorioa da, pieza askorekin osatuta dagoena, baina obra guztiek daukate lasaitasun sentsazio hori oinarrian. 45 lagunek osatutako abesbatza eta hamabi musikarik osatutako ganbara orkestra izango gara agertokian, baina ikuskizunean zehar, Andoni Salamerok errezitatutako hitzak tartekatuko ditugu. Apiirilaren 21ean eskainiko dugu eta ordu eta erdi inguruko emanaldia izango da", azaldu zuen Ganbara abesbatzako zuzendari Aitor Biainek.

Bailarako abesbatzez gainera, baina, Donostiako Landarbaso abesbatzaren emanaldia ere iragarri zuten antolatzaileek: "Ez Dok Amairu taldean jardun zuten Oskarbi musika taldearekin batera abestuko dute. 50 urte baino gehiagoko ibilbidea du Oskarbik, eta garai baten Arrasatera sarritan etortzen ziren eta  aspaldiko partez, hona etortzeko nahia zuten. Bakoitzak bere kantuak abestuko ditu hasteko, eta ondoren, elkarrekin kantatuko dute".

Arrasate Musikaleko Orkestra, Musikaldian beteranoak

Arrasate Musikaleko zuzendari Marta Izagirrek azaldu zuen, askotariko filmen soinu bandekin osatu dutela errepertorioa. "Orkestra bakarrik izango da oraingoan, eta oso erraz entzuteko programa prestatu dugu. Asko eskertzen diogu Udalari, urtero moduan, Udaberriko Musikaldian parte hartzeko gonbidapena egitea".

Bitxikeriak ere bai

Aipatutakoez gain, bestelako emanaldi "bitxiak" izango direla gaineratu zuten antolatzaileek. " Joseba Sarrionandiaren Kristalezko bihotza narrazioa abiapuntu hartuta, errezitaldia egingo du Ander Lipus aktore ezagunak, Erdi Aroko musika ezaugarri duen Khantoria bikotearekin. Ekitaldi hori apirilaren 15ean izango da, eta apirilaren 22an, berriz, Iris Azquinezer txelo-joleak eta Rainer Seiferth gitarra-jole alemaniarrak osatzen duen Zaruk bikotea izango da".

Egitaraua

  • Apirilak 14, zapatua: OPUS 4 eta Goikobalu abesbatza, 20:00etan, San Juan Batailatzailea parrokian.
  • Apirilak 15, domeka: Herejeen alaba errezitaldi musikatua Ander Lipus aktorearen eta Khantoria musika taldearen eskutik, 20:00etan, Kullturateko areto nagusian.
  • Apirilak 21, zapatua: Ganbara abesbatzaren Serenity emanaldia, 20:00ean, San Juan Batailatzailea Parrokian. 
  • Apirilak 22, domeka: Zaruk, txelo eta gitarra bikotea, 13:00etan Kulturateko areto nagusian.
  • Apirilak 28,  zapatua: Arrasate Musikaleko Orkestraren emanaldia, 20:00etan San Frantzisko elizan.
  • Maiatzak 6, domeka: Oskarbi musika taldea eta Landarbaso abesbatza, 20:00etan, San Frantzisko elizan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak