Hezetasun arazoa aspalditik dator Iturripe kiroldegian. Itoginak ere egon izan dira, baina horiei 2014an eman zitzaien konponbidea. Orain, hezetasun arazoari jarri nahi diote bukaera. Hauxe adierazi du Arrasateko Udaleko Kirol zinegotzi Ander Garaik: “Lurrak dagoeneko aldatzeko beharra dauka eta urgentziaz jarri dugu martxan hori aldatzeko prozesua. Baldintza pleguak publikatuta ditugu, Aste Santuaren aurretik zabaldu genuen proposamenak aurkezteko epea eta hilabete honen amaierara arte izango dute aukera enpresek euren proposamenak egiteko”.
Baldintza orrietan jartzen du baita ere, Iturripe urte guztian zehar kirola egiten den esparrua dela, itxita egoten den bitartean, hau da, San Juan jaien ostetik abuztura bitartean, egin beharko ditu lanok esleidunak, 4 asteko epean, arazoari irtenbidea emateko. Hau gertatzen da uneotan: “Kantxa kolaz itsatsita dago eta hezetasunarekin askatu egiten da. Orduan, alde batetik, altxatu egiten da kantxa, eta bestetik, kantxa izkinetarantz mugitzen da. Orduan erdiko gune guztia zabalik gelditzen da eta petatxuak jarri behar izan dira. Beraz, kantxa kendu behar da, azpiko guztia garbitu egin behar da hezetasun ahalik eta gehien kentzeko, geruza berezi bat jarriko da hezetasuna ez pasatzeko eta horren gainean kantxa berria jarriko da”.
Iturripe zabaldu zenetik 27 urte beteko dira aurten, 1991n egin zelako. Orduan egurrezko lurra jarri zuten, baina hezetasun arazoak tarteko, gaur egun dagoena jarri zuten 2003-2004 urte inguruan. Orain, berriztu egingo dute. Dena dela, egun dauden jokatzeko eremuak errespetatuko dituzte. “Orain arte bezala mantenduko da guztia. Eskubaloi eta areto futbol kantxa nagusia mantenduko da, baita saskibaloiko kantxa nagusia ere, eta hiru saskibaloi kantxa, aldetara”, azaldu du Garaik.
Aurrekontuari dagokionez, 80.000 euro BEZ barne, aurreikusi dituzte.