Pilotariendako ekipamendu berria aurkeztu du Astorek

Miren Arregi Amasorrain 2018ko mar. 27a, 14:53

Eskuz binakako txapelketako finalean pilotariek jantziko duten ekipamendua aurkeztu du Astorek gaur goizean. Ekitaldian izan dira Elezkano eta Rezusta eta Ezkurdia eta Zabaleta bikoteak. Baita Aspeko Inaxio Errandonea eta Asegarceko Rafa Etxeberria ere. Bestetik, Beñat Rezusta bergarrrak apirilaren 8ko eskuz binakako finalaz egin du berba. Final handira begira gogor lan egingo dutela adierazi du.

Diseinu garaikide eta minimalista du jantzi berriak eta bi berezitasun nagusi. Lehenengoa da, modu jasangarrian egin dela kamiseta Urak Dakarrena proiektuaren barruan, euskal kostaldean jasotako plastikozko botilak birziklatuz lortu diren ehunak erabiliz. Imanol Muñoz marketin zuzendariaren esanetan Astore taldeak duen iraunkortasunaren aldeko filosofiaren baitan kokatzen da hori. Diseinuari dagokionez, pilotarien erosotasuna izan da lan ardatza.

Prakei dagokienez, orain arteko pilotarien praka tradizionalak aldatu egin dira. Haien diseinua ez da 25 urtetan aldatu eta orain, patroi estuagoa dute batetik, eta ehuna elastikoagoa da, bestetik.

Pilotariak pozik azaldu dira ekipamendu berriaren diseinuarekin eta Astoreren lana goraipatu dute, batez ere, kamiseta egiteko birziklatutako plastikotik ateratako ehuna erabili izana.

Rezusta, txapelaren bila

Hirugarrenez jokatuko du Beñat Rezusta pilotari bergararrak eskuz binakako finala. "Pozik egoteko motiboa da, gauza asko elkartu behar dira, momentu ona, zortea... Eta egia esan horrek ere lagundu digu, bukaeran justu-justuan pasatu garelako, orain txapelaren bila", zioen gaur goizean, Astoreko ekitaldian.

Txapela eskuratzeko bide horretan ondo lan egitea dela gakoa dio bergararrak, hori bai, ez luke obsesionatu gura.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak