Aste Santu ostean, apirilaren 9an, hasiko dira Arrasateko Juan Arzamendi Musika Etxeko obrak. 2017ko uztaila bukaeran onartu zen proiektua; LKS-k egindakoa, eta lanak Donostiako Lurgoien enpresak egingo ditu. Asteon, ingurua ixten hasiko dira, halaxe adierazi du Obra eta Zerbitzu saileko buru den Moises Altunak: "Aste honetan bertan obra itxitura lanekin hasiko dira. Eraikina eta haren inguruko esparrua hartuko du eta inguruan dauden 14 aparkalekuak oinezkoendako bideratuko dira. Ondoan dagoen haur parkeari ere eragingo dio, izan ere, 4-5 hilabetetan, obra hasiera garaian, haur parkea itxita egon beharko da".
Hogei hilabete iraungo dituzte obra horiek, eta bertan izango dute egoitza Arrasate Musikalek eta Goikobaluk, nahiz eta, Udal eraikin bat den heinean, beste erabiltzaile batzuk ere egongo diren, beraz, erabilera anitza eman nahi zaio, Altunaren esanetan.
Eraikina barrutik eraisten hasiko direla adierazi du Lurgoien enpresako talde-burua den Josu Unamunok, eta gaineratu du, lan horiek kontu handiz egin beharko dituztela kanpoko hormak mantendu ahal izateko.
Izan ere, LKS-ko arkitekto Diego Rodriguezek azpimarratu du eraikinaren izaera mantendu nahi izan dutela hasieratik, eta horregatik, kanpoko horma horiek utzi egingo dituztela eta barruko aldea eraikiko dutela. Eraikina jasangarria izango dela gaineratu du, isolamenduak eta geotermia kontutan hartu baitute.
Eraikin berria
Sarrera orokorra hegoaldetik izango du, hau da, errekaren beste aldetik; hala, espazio urbanoa herrirako berreskuratu nahi izan dute.
Eta barruan hiru solairu izango ditu. Beheko pisuan entsegu gela batzuez gain, auditorio bat egokituko dute, 180 lagun ingururendako lekua izango duena. Lehenengo pisuan Arrasate Musikalekoendako entsegu gelak egingo dira. Goian, Arrasate Musikalekoendakoez gain, Goikobalurendako entsegu gela nagusia ere egongo da. Eta azken solairuan kokatuko da, administrazio gunea. Solairu horretan aire libreko espazio zabal bat ere sortu dute, ekitaldi txikiagoak egiteko.
2020 urte hasierarako obra horiek bukatuta egotea aurreikusten dute. Prozesu oso luzeak eta konplexuak izaten direla gaineratu du Altunak, baina lanak hasteko eta nola doazen ikusteko gogoz daudela adierazi du.