Emakumeen ekoizpena eta lana ikustarazteko helburuarekin abiatu zuen orain dela urte batzuk Arrasateko Udalak azoka hori. 60 postu egongo dira, askotarikoak, produktuei eta saltzaileei dagokionez. Norbanakoek jarritakoak izango dira asko, horien artean, Arrasateko Ane Gorosabel baserritarra eta Dunixe Royo artisaua; Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saioan izan dira gaur, eguaztena. Taldeka jarritako postuak ere izango dira, horien artean, Ekin Emakumeak elkartearena eta Emakume txokoarena. Azken horretan Tribial Feminista jolasa irabazteko aukera izango da.
Aurten baserritar batzuk egongo badira ere, gehiengoa artisaua izango da. Salduko da: zilarra, larrua, bitxiak, jostailuak , arropak eta osagarriak, postreak , xaboiak , ukenduak eta abar. Parte hartzaileen artean denetarik egongo da: Arrasatearrak , bailarakoak eta Euskal Herriko hainbat herrietatik etorritakoak.