Martxoaren 7an, datorren asteazkenean, beteko dira 10 urte ETAk Isaias Carrasco zinegotzi sozialista izandakoa erail zuenetik. Alderdi sozialistak, urteurren horren atarian omenaldi ekitaldia du aurten ere, justu Isaiasen emazte eta alabek euren testigantza latzak publikoki kontatu eta astebetera.
Ekitaldian, hainbat herritar eta komunikabidez gain, ordezkaritza politiko zabala egon da. Alderdi sozialistari dagokionez; Patxi Lopez, Idoia Mendia, Eneko Andueza, Denis Itxaso, Txarli Prieto, Rafi Romero, edo Paco eta Oscar Garcia aita-semeak izan dira. EH Bilduko Maddalen Iriarte ere bertan izan da, eta baita Gogora Institutuko Aintzane Ezenarro, besteak beste. Arrasateko Udal ordezkariak ere bertan izan dira: EAJko zinegotzi guztiak Maria Ubarretxena alkatea buru, Baleikeko Igor Urizar eta Irabaziko Juan Luis Merino.
Lore eskaintza egin ostean, Eneko Anduezak eta Idoia Mendiak hartu dute hitza. Anduezak, berak eta Isaiasek zuten erlazioari aipamena eginez hasi du diskurtsoa. "Biok genituen sustraiak Zamorako Morales de Toro herrian. Are gehiago, nire osaba-aitona, eta Isaiasen aitona, batera erail zituzten bertan, nekazaritza pabiloi batean".
Isaiasen erailketaren mina, aita edo senarra galtzetik harago joan dela adierazi du Anduezak. "Urte luzez biolentzia jazarpena jasan du familiak. Arrasateko herritar askok, familia seinalatu dute, bai kalean, eta bai eskolan ere. Zergatik? Bere ideiak defendatzearren eraila izan zen pertsona baten familiakoak izateagatik. Duela 10 urte, ezker abertzalea buru zuen Arrasateko Udalak ez zuen ondo jokatu. Guzti honengatik, gaurkoan Isaiasen ekarpena goraipatzen dut, baina aldi berean, Arrasatek Isaiasekin duen zorra ere bai".
Jarraian Idoia Mendia igo da Navas de Tolosa kalean jarritako oholtzara. "Isaias sozialista izateagatik erail zuten. Duela ez asko, sozialista eta langilea izatea, eta konpromisoa edukitzea, heriotza sententziaren sinonimo ziren. Jende askok bizia eman zuen, terroristen mehatxuen aurrean ez kikiltzeagatik. Harro gogoratzen ditugu gaur ETAren diktadurari ezetz esan zioten horiek. Isaiasei, edo bera bezalako zinegotzi sozialistei esker, gaur egun Euskadi plural batean bizi gaitezke".
Duela astebete, Isaiasen emazteak eta alabek komunikabide batean egindako testigantzen inguruan zera esan du Mendiak: "Eskerrak ematen dizkizuet, eztarriko korapilo hori askatzeagatik, eta hain modu irmoan zuek bizitako mina azaleratzeagatik. Ez dago diskurtso politikorik, zuen kontatutako egi hori hain ondo konta dezakeenik. Zuen mezua heldu egin da, eta beharrezkoa zen".