Bilboko Khea Ziater taldearen azken lana da Los Visitantes. Antzerki moduan defini daiteke, baina ez da ohiko formatua. Talk show bat dela dio Unai Garate zuzendariak. "Antzerki bezala saltzen dugu. Ikusleari ezaguna eta gertukoa egingo zaio eszenografia. Terraza handi baten itxura duen dekoratuan, kultura arloan diharduten sei pertsona agertuko dira; piknik bat egiten ari dira, eta ardoa edaten eta hestebeteak jaten dituzten bitartean, gai baten inguruan solas egiten dute, oraingoan, desioa edo desioak da aukeratu duten gaia".
Etzi, domeka, Amaia antzokian eskainiko dute, 19:30ean. Sarrerak 15 eurotan eros daitezke, Arrasate.eus atarian eta antzokiko leihatilan.
80. hamarkadako telebista
Garai baten telebistan egiten ziren tertulia formatuko saioen itxura dauka. "Gaur eguneko saioetako tertuliakideak euren paperean sartuta daude: serioak izan behar dira; denetik jakin behar dute; batak beteari hitza zapaltzen diote... Gureak kontrakoak dira; balioa duena, anekdotikoa, historikoa edo bakoitzaren bizipenak dira. Umorea da osagai garrantzitsua eta ez nor baino nor listoagoa izatea. Batak besteari laguntzen dio, batak esandakoarekin besteak beste istorio bat lotzen du, eta lagun arteko afari bat denez, opari moduan kantak eta bestelako sorpresak ere badaude".
Artista ezagunak elkarrekin
Afariko anfitrioia Bilboko Arrate Etxeberria aktorea dela azaldu du Garatek. "Berak gonbidatzen ditu Asier Etxeandia eta Ander Lipus aktoreak, Enrico Barbaro musikaria, Valerie Tasso idazlea eta sexologoa, eta Jon Maia bertsolaria; eta gonbidatuei desioaren inguruko zalantzak eta galderak... planteatzen dizkie. Hortik abiatuta, bisitari bakoitzak bere bizipenak eta iritziak azaleratuko ditu. Ikuskizunaren bizkar-hezurra musika da, eta asmo nagusia, entretenitzea".