Arrasateko emakume raketistak omendu dituzte Uarkape frontoian

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko urt. 28a, 19:26

Justi, Miren, Margarita eta Juanita Arenaza lehengusuak raketistak izan ziren, profesionalak. Gaur omenaldia jaso dute Uarkape frontoian egindako ekitaldian. Haien senitartekoak oroigarri bana jaso dute, raketisten historia laburbiltzen duen bideoa erakutsi dute eta egungo raketistek partidua jokatu dute.

Justi (Vasquita I)eta Miren (Vasquita II) Arenaza ahizpak hasi ziren pilotaren modalitate hau jokatzen lehenbizi eta Margarita (La Mondragonesa) eta Juanita (Olga)Arenaza ahizpak, aurreko bien lehengusuak, hasi ziren gero. Madrid, Bartzelona eta Mexikoko frontoietan jokatu zituzten partiduak. "Margarita eta Juanita nire ahizpak ziren eta Zaldibarko frontoian hasi ziren jokatzen. Ni ere hasi nintzen eta debutatzeko eguna ere izan nuen; ordurako banituen nire kamiseta eta gona. Baina ahizpen partidu asko ikusi nituen frontoietako harmailetatik, Madrilen adibidez, eta hitz zakarrak esaten zizkieten. "Joan ari harrikoa egitea, urdanga alena" zen, adibidez, entzuten zuten esaldirik politena. Eta hori ikusita erabaki nuen atzera egitera; ez debutatzea erabaki nuen", adierazi du Amparo Arenazak iluntzean Uarkape frontoian.

Amparo Arenazaren ondoan egon da ekitaldian Juan Carlos Steigmeir, Justi Arenazaren iloba eta Miren Arenazaren semea. Oroigarri bana jaso dute gaurko ekitaldian.

Raketistak. Lehen eta Orain elkartea hasi da emakume hauen historia arakatzen. "Ikusi dugu hego Euskal Herriko 40 herrietan baino gehiagotan egon zirela emakume raketistak. Baina baztertuak izan dira. Pilota munduak ere ez ditu aintzat hartu. Hiru urte daramatzagu ikertzen, baina oraindik badago zer aztertua", azaldu du Ainhoa Palomok.

Egun emakume pilotari gutxi daude raketekin jolasten dutenak. "Ni neu ere kirol ikasketak egiten hasi nintzenean enteratu nintzen existitu zirela. Guk geuk palan edo pilotan jokatzen dugu eta tarteka, hilean behin edo, elkartzen gara raketekin jolasteko. Baina euren omenez eta eurak ezagutarazteko pentsatu dugu egin beharra zegoela. Gainera, edonori gomendatu gura diogu kirol hau probatzea", esan du Maider Mendizabal pilotariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak