Lehen emakume kirolari profesionalak izan zirenak balioan jartzea da Jon Juanesek esku artean duen erakusketaren helburua. "Kontratuarekin lan egin zuten emakumeak dira. Lehenengo profesionalak. Aurretik, baziren emakume tenistak ere, baina, haiek ez zuten kontratu profesionalik", esan du egileak. Kontratu horietako baten irakur daiteke zeintzuk ziren baldintzak: hilero 25 partidu jokatu behar zituen raketistak. Bakoitza, 124 pezetaren truke.
Askorendako "ezezaguna" den kirol ekintza bada ere, aipagarria da, Euskal Herriko 40 herritan raketistak egon izana. "Ermua, Abadiño, Mallabia, Eibar, Arrasate... Leku askotan egon ziren raketistak eta asko, onak gainera", aipatu du Juanesek.
Gehienak Madrilerako edo Mexikorako bidea hartu zuten. Leku horietan izarren pare egon ziren. "Euskal Herrian ez zituzten begi onez ikusten. Kontrara, irainak ere jasotzen zituzten. Aldiz, Madrilen eta Mexikon beste ibilbide bat izan zuten. Aktoreen, abeslarien eta goi mailako pertsonekin hartu eman zuzena izan zuten. Divak ziren ", esan du.
Arrasateko raketistak
Madrilerako eta Mexikorako bidea hartu zuten lau raketista arrasatearrek: Miren eta Justina Arenaza Azkoagak eta Juanita eta Margarita Arenaza Velascok. Lehengusinak guztiak. Mirenek 1932an jokatu zuen lehen partidua profesional modura, 12 urterekin.
Hain justu ere, Mirenek animatuta hasi zen bere lehengusu Juanita raketarekin. "Zaldibarren hasi ziren Juanita eta Margarita. Lehena aurrelari moduan. Bigarrena atzelaria zen. Elkarrekin jokatzen zuten beti. Bikote ederra osatzen zuten. Juanitak, sake dotorea eta indartsua zuen", kontatu du bien ahizpa Amparo Arenazak.
Amparo ere raketista izateko puntuan egon zen. Bada, lehen partidua jokatu behar zuen egunean, damutu egin zen eta bertan behera utzi zuen lehia. "Azken unean beldurtu egin nintzen. Nire bi ahizpen partiduak harmailetan jarraitu nituen, eta han entzuten zirenak ez ziren gustagarriak. Emakumeen kontrako irainak, berba zakarrak... Bereziki, apustuak egiten hasi zirenean, galtzaileen kontrako berbak oso gogorrak ziren. Hortaz, nire debuta iragarrita zegoenean, atzera egitea erabaki nuen", kontatu du Amparok.
Dokumentala eta erakustaldia
Emakume raketisten historia eta testigantzak batzen dituen dokumentala, erakusketaren izen berekoa, Arrasaten estreinatuko da, hilaren 23an, Kulturaten, 18:30ean. "Oso pozgarria da guretzat dokumentala, lehen aldiz, Arrasaten ematea. Memoria berreskuratzeko lan itzela egin du Jon Juanesek hiru urtetan. Emakume kirolariak. Gerra aurretik. Francoren garaian... Eta horien artean arrasatearrak ere bazirela jakin genuenean, gurera ekartzea erabaki genuen", esan du Ander Garai kirol zinegotziak.
Azkenik, erakustaldi partiduak jokatuko dituzte hilaren 28an, Uarkapen, 30 tantotara. Aurretik, emakume raketisten senitartekoei omenaldia egingo diete.