Aurretik Gorostizako, Munarko eta Zaldibarko parkeetan egokitzapen eta eraberritze lanak egin ostean, Arrasateko Udalak Biteriko haur parkeko lanei ekin die. Udaletik adierazi dutenez, espazio hori herritarren eta bereziki haurren behar eta nahietara moldatzea da lanen helburua.
Horretarako, ideia lehiaketa bat jarri zuten martxan 2016ko maiatzean, Arrasateko helduek zein haurrek aipatutako parkea eta Itxaropenakoa berritzeko proposamenak aurkeztu zitzaten. 64 proposamen jaso ziren denera, eta helduen zein haurren mailan sariak ere banatu zituzten. Proiektu irabazleen bideragarritasuna aztertu ostean hasi dituzte Biteriko lanak. Gauzak horrela, lurzorua egokituko dute, baita arriskuak ekiditeko puntadun ertza duten jardinerak biribildu; parkingetik irten ahala dagoena kendu; eta atseginagoak izan daitezen, hormigoizko bankuetan egurra jarri ere.
Haurren jolasei dagokienez, orain arte daudenak ere hobetu eta berrituko dituzte. Ideia lehiaketan haurren mailan irabazle izan zen proposamenak zioena jarraituz, egun dagoen dorrea kendu eta Arrasateren eta dragoiaren kondairari erreferentzia egingo dion dragoi itxurako atrakzio edo jolas berri jarriko dute.
Bi hilabeteko iraupena
Biteriko lanek bi hilabete iraungo dute, eta aurrekontua 118.940,77 euro izango da. Asmoa da, gainera, 2018an Itxaropenako parkea estaltzea eta Musakolako Nao Santiago edo San Andreskoa Kurtze Txiki jolas-parkeak berritzea.