Amaia Frontaura udaltzainburuordeak azaldu duenez, Udaltzaingoa Ertzaintzarekin koordinatuta eta harremanetan dagoela eta droga trafikoaren gertuko jarraipena egiten ari direla. "Hala ere, trafiko hori ziurtatzeko zaila da. Trafikatzaileak ere ez dira ergelak, kantitate txikiak eramaten dituzte, eta epaimahai batean ziurtatzeko ez da erraza", zehaztu du.
2017an 7 polizia-jardun egin zituen udaltzaingoak eta 30 salaketa izan ziren zazpi jardun horietan. Frontauraren esanetan, salaketa administratiboan geratu dira kasu horiek, kontsumoa eta edukitzea leporatuta. "Horietatik hiru atxilotu izan ziren, eta batek bakarrik jarraitzen du kartzelan. Horietako kasu batzuk trafikoa dira, baina zaila da frogatzea", azpimarratu du.
Udaltzainburuordearen arabera, alarma soziala piztu da, Monterroneko gertaeraz gain, "Bilbokoak eta beste hainbat" ere iristen direlako herritarren belarri eta begietara. Horregatik nabarmendu nahi izan du herritarrei lasaitasuna transmititu nahi hori. "Kasu larrienak izan direnak kontrolpean ditugu. Eta, gainera, delitu larriak ez dira oso nabarmenduak Arrasaten".
Monterroneko labankadari erreparatuta, esan, erasotuaren osasun egoerak hobera egin duela eta dagoeneko arriskutik kanpo dagoela. Hiru labankada jaso zituen bizkarrean.
Prebentzioa
Drogamenpekotasunaren prebentzioari erreparatuta ere, Arrasateko Udalak lanean diharduela ohartarazi gura izan du. Lau arlo desberdinetan egiten du prebentzio lanketa hori: ikastetxeetan, gurasoekin, jai giroan, eta aisialdian.
Ikastetxeetan, adin tarte bakoitzean egon daitezkeen kontsumoekin lotutako lanketa ezberdinak egiten ditu Udalak, eta ikastetxeekin batera hartzen dira erabakiak.
Gurasoei ere tailerrak edota hitzaldiak eskaintzen zaizkie, AGIPAD elkarteak antolatuta, nerabeen lehenengo kontsumoaren inguruan. Bestalde, irakasleei zuzendutako zenbait saio ere egiten ditu Udalak.
Jai giroari dagokionez, 2003tik martxan dagoen Testing Zerbitzuaz gain, 2017an bi zerbitzu berri jarri zituen martxan Udalak: Lonja Laket –nerabeen lokaletan prebentzioa sustatzeko programa– eta Botiltzarra –botiloia egiten duten nerabeei zuzendutakoa–.
Azkenik, kale hezitzaileen zerbitzura bideratutako baliabideak %42 igo ditu Udalak. Gaur egun, lau hezitzailek dihardute lanean, bi jardun osoko lanaldiarekin eta beste biak jardunaldi erdiko lanaldiarekin.
151.000 euro
Drogamenpekotasunaren prebentziora 151.000 euro bideratzen ditu Arrasateko Udalak. 121.000 euro kale hezitzaileetara eta 30.000 euro gainontzeko programetara.