Arrasateko Udalari Etxezarreta eremua erosteko lehentasuna ematen dion kontratua sinatu dute bi aldeek gaur, astelehena, goizean. Bi aldeek konpromiso irmoa erakutsi dute. "Guk erdia ordaindu dugu eta orain euren txanda da. Udalarekiko lotura dute orain", esan du alkateak. Udalak jarritako baldintza zera da: Mendia familiak hango terrenoan dauden pinuak kendu beharko ditu, beranduenera, abenduaren 31 baino lehen. Bestalde, ezingo du beste ezer landatu. Hori egin ostean, gainerako 135.000 euroak jasoko ditu.
Mendia familiak kontratua etengo balu, orain jaso dituen 135.000 euroak itzuli beharko lituzke, eta, gainera, beste 135.000 euro, kalteordain modura ordaindu. "Bi aldeen arteko konpromisoa serioa da. Udalarendako aurrerapauso izugarria da", esan du Ubarretxenak.
Besaidekoak, pozik
Iritzi berekoa da Besaideko presidente Aitor Zubiaga: "Gaurkoa zen urrats inportanteena. Mendia familiaren konpromisoa lortu dugu. Orain badakigu ez duela atzera egingo. Egia esan, oso pozik gaude".
Epeak betetzen badira, urte bukaerarako, Etxezarreta eremua Udalaren jabetzakoa izango da. "Beste gune bat izango dugu naturaz gozatzeko. Herritarren erabilerarako. Etxezarretako altxor pribatua, publiko egin ahal izango dugu", azpimarratu du alkateak.
83 hektarea dituen lursailean zer egin Ingurumen Mahaian aztertu eta adostu beharko dute.