Porrot bakarrarekin zetorren Estela Iturripera; bosgarren garaipenaren bila MU. Erritmo bizia ezarri dute hasieratik kanpokoek, eta barruko jokalarien nagusitasuna baliatuz 16-28 aurreratu dira lehen laurdenean. Adierazgarria 11 zenbakidun Tomas Hamplek bere taldearen puntuen erdia egin dituela ia, 38 denera, eta lehenengo jauzitik ikusi da partiduko gakoetako bat izango zela. 39 minutu jokatu ditu, gainera –hasierako boskotea eta seigarren jokalari bat baino ez ditu erabili, ia, kanpokoen entrenatzaileak–.
Bigarren laurdenean, ordea, MU goian presioa egin eta kantabriarren jabetza hasiera oztopatzen saiatu da, eta defentsako lan horrek, erasoan asmatu izana gehituta, emaitza eman du. 25-15eko partzialarekin, 41-43 zen markagailua atsedenaldian.
Tarte horretan, baina, faltaz bete dira etxekoak, eta azken bi laurdenetan, berriz ere, erraz topatu dute kanpokoek saskirako bidea, Hamplengan oinarrituz sarri. Azkenean, 76-84.