Errege magoen desfileak kalera irtengo dira egubakoitzean bailarako hainbat herritan ere, eta dagoeneko antolatzaileak badabiltza dira prestaketa lanekin.
Arrasaten, esaterako, abendu bukaeran deialdia egin zieten antolatzaileek herritarrei, parte hartu nahi izanez gero, izena eman zezaten, egubakoitz honetan guztia ahalik eta ondoen kudeatu ahal izateko.
Asko izan dira izena eman dutenak, baina oraindik badaude tokiak argi-zuziak edo antortxak eramateko eta danborra jotzen irteteko. Baita abesbatzan Gabonetako kantuak abesten irteteko ere; azken horiek, baserritar jantzita irtengo dira.
Entseguak abade etxean
Hain justu ere, entseguak egiten ari dira abesbatzan kantuan irtengo direnak. Eta oraindik, edozein herritar animatu daiteke gainera, kantuan irtetera. Entseguak Abade etxean egiten dituzte eta hurrengoak gaur eta bihar izango dira 17:30etatik 18:30etara. Antortxak eramaten edo danborra jotzen irtetea nahi izanez gero, 18:30etan, abesbatzaren entseguaren ostean, Abade etxean eman ahalko da izena.
Guztira, 120 lagun inguru
120 lagun inguruk hartuko dute parte aurtengo Errege Magoen desfilean. Iturbidetik abiatuko da eta Herriko Plazan amaituko da. Eta gero, ospitalera ere joango dira Errege Magoak, abesbatzak lagunduta. Hauxe esan du Arrasateko Errege magoen desfileko koordinatzaile Arantza Uriartek: “Gero ospitalera joango gara. Solairu guztietan, ahal izaten den tokitan, abestu egiten dugu. Erregeak gaixoen geletan sartzen dira, opariak ematen dizkiete, eta guk pasilloetan abesten dugu Erregeek opariak banatzen dituzten bitartean”.
Amaitzeko, Errege kabalgatako koordinatzaile Arantza Uriartek herritar guztiak animatu ditu Errege magoen desfilean parte hartzera.