Badator Txikilandia 2018!

Eneko Azurmendi 2017ko abe. 26a, 16:42

2018ko urtarrilaren 2an, 3an eta 4an egingo dute aurten Txikilandia haur parkea. Txatxilipurdi elkarteak Arrasateko Udalaren laguntzarekin antolatu du, eta gaztetxearekin izandako elkarlana ere azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Aurten 27. edizioa izango da, eta hainbat berrikuntza izango dira.

Batetik, igerilekuan jolas gidatuak egongo dira, bai igerileku txikian, baita handian ere, 11:00etatik 12:00etara. Azpimarratu behar da lehenengo egunean bakarrik egongo dela irekita igerilekua, urtarrilaren 2an. Bestalde, rokodromoan ere jolas gidatuak egongo dira.

Ipuin txokoari dagokionez, aurten, irakurketaz gain, ipuinari lotutako tailer ezberdinak ere antolatu dituzte, "haurren sormena lantzeko" helburua izango dutenak. Gainera, liburu ugari egongo dira txokoan bertan. Horrez gain, 12:00etan eta 18:00etan –hiru egunetan– ipuin kontalari bat izango da Txikilandian.

Haur txokoak bi gune izango ditu aurten. Batean, material naturalez eginiko jostailuekin gozatzeko aukera izango dute haurrek. Beste gunean, egun bakoitzean material ezberdin bat izango da eta material hori erabiliz, jolasteko gauzak sortu beharko dituzte haurrek. "Lehengo egunean oihalak egongo dira, bigarrenean kartoia eta hirugarrenean hondarra. Goizetan materiala sortzea da asmoa, eta arratsaldetan material horrekin jolastea", adierazi du Iker Agirrek, antolakuntzako kideak.

Merienda osasungarria

Beste berrikuntzetako bat merienda osasungarria izango da. "Haurren elikadura garrantzitsua da guretzat. Beraz, urtarrilaren 3an merienda osasungarria egiteko aukera izango dute haurrek", dio Agirrek.

'Irrikula Makula' ikuskizuna

Urtarrilaren 4ean Irrikula Makula emanaldia egongo da Uarkapen, 18:30etik 20:00etara. "Martinbertsok beldurra dio etxetik kanpo lo egiteari. Tiritatxoren eta ikusleen laguntza beharko du beldur horri aurre egiteko".

Oharra: Parkea itxi egingo da ikuskizunak iraun bitartean.

Prezioak

Bonoen prezioak hauek dira:

1-3 urte bitarteko haurrek 5,5 euro.

4-12 urte bitarteko haurrek 9 euro.

Sarreren prezioak hauek dira:

1-3 bitarteko haurrek 3 euro.

4-12 urte bitarteko haurrek 4 euro.

Irrikula Makula ikuskizuna: 4 euro.

Sarrerak abenduaren 28ra arte Gazte Bulegoan eskuratu ahal izango dira. Egun horretatik aurrera, berriz, parkea zabalik dagoen egunetan, leihatilan bertan. Igerilekuko sarrerak igerilekuan bertan eskuratu ahal izango dira, urtarrilaren 2an.

Topakide eta familia ugariko kideek 0,5 euroko deskontua izango dute, hau baieztatzen duen agiria erakutsita.

Egitaraua:

Urtarrilak 2

Igerilekuan emango diogu hasiera Txikilandia 2018 egitasmoari eta bi gune izango ditugu. Igerileku handian puzgarriak izango dira, eta 11:00etatik 12:00etara ur-jolas dinamizatuak. Igerileku txikian, 0-6 urte bitarteko haurrei eta beraien laguntzaileei egokitutako jolasak izango dira. Ur parkea 10:30etik 13:30etara egongo da zabalik.

Arratsaldean, Uarkapera mugituko gara eta han rokodromoa, photocall-a, esperimentatzeko gunea, gazte gunea, ipuin txokoa, puzgarriak eta abar izango dira.

Urtarrilak 3

Goiz eta arratsaldez: Uarkapeko parkean egongo gara. Goizez 10:30etik 13:30era. Arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.

Urtarrilak 4

Goizez 10:30etik 13:30etra eta arratsaldez 17:00etatik 18:30etara parkea. Ondoren, 18:30etik 20:00etara Irrikula Makula emanaldia.

Egunero

12:00etan eta 18:00etan ipuin kontaketa eta karaokea egongo dira. Ipuin kontaketa gune lasaian eta karaokea kantxa nagusian.

Gaztetxean ere tailer ezberdinak egongo dira: talo tailerra, aurpegia margotzea, jostailuak sortzeko tailerrak, birziklapen tailerra...

Produktu ezberdinen zozketa egingo da egunero, 18:30ean. Sarreran egiten zaizkien galderak erantzun ostean, herriko komertzio eta enpresek emandako produktu ezberdinen zozketan sartuko dira haurrak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak