2017an zehar bi berritasun garrantzitsu iragarri ditu Udal gobernuak hezkuntza alorrean: Musakolako Herri Eskola berritzeko akordioa eta Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialeko gela desplazatu bat Arrasaten kokatzea.
Arrasaterentzat garrantzi biziko bi gai dira EH Bilduren ustez, baina faltan bota dituzte horiek 2018an egiteko bermeak. "Bi iragarpenen berri izan genuenean EH Bilduko legebiltzarkidea den Rebeka Uberarekin jarri ginen harremanetan, hauei jarraipena egiteko. Kezkatzen gaituena da bi gaiak ez direla ofizialki inon jasota ageri. Momentu honetan ahozko akordioak dira, eta kasu horietan ohikoa izaten da proiektuen exekuzioa denboran atzeratzea".
Kezka hori justifikatzeko Hezkuntza Sailaren 2014-2018 azpiegituren hobekuntza plana jarri dute mahai gainean, bertan Musakolako Herri Eskolaren berritzea agertzen ez delako. Hori ikusirik, Rebeka Uberak idatziz erantzuteko hiru galdera egin dizkio Hezkuntza sailburuari:
- Hezkuntza Sailak 2018an zein neurri jarriko ditu abian Arrasateko Musakola Herri Eskolako eraikina irisgarri bilakatu eta berritzeko?
- Musakola Herri Eskolako azpiegiturak eguneratzeko, Hezkuntza sailak zein fase aurreikusten ditu, eta fase bakoitzean zein lan eta zein epetan bideratuko dira?
- 2018 aurrekontuetan, azpiegituren berrikuntzarako dagoen diru lerroan, Musakolako Herri Eskola eraikina berritzen hasteko lanetarako badago zuzkidura jasota?
Herri Eskolako transformadorea aitzakia izan da berriketa lanak egiten hasteko. 2018an lurperatu egingo da, eta Udal aurrekontuan badago kopuru bat lan horiek egiteko. "Transformadorea kentzea noren ardura den ez zegoen argi, eta hori argitu bitartean Eskolaren berritzea atzeratzeko arriskua zegoela ikusi genuen. EH Bildutik presioa egin dugu lan horiek lehenbailehen egiteko, finantziazio nork egin behar duen jakin baino lehen" azaldu du Hezkuntza Batzordeko kide den Eneko Fernandez zinegotziak.
Hizkuntza Eskola
2018-2019 ikasturtean Hizkuntza Eskola Arrasaten kokatzeko eta martxan egoteko lanekin hasteko legez besteko proposamen bat erroldatu du EH Bilduk legebiltzarrean. "Proiektu honetan ez dugu ezer ofizialik ikusi ahozko akordioaz gain, eta matrikulazio epeak gerturatzen ari dira" azaldu du Rebeka Uberak.
Gela desplazatua non kokatuko litzatekeen ez dago oraindik definituta. "Kulturola eraikina martxan dagoenean euskaltegiaren lokalean kokatzea da mahai gainean dagoen aukeretako bat. Baina hori egin bitartean behin-behineko leku bat beharko litzateke, eta Mankomunitatearen egoitza erabiltzea da aztergai dagoen aukeretako bat".
Udal gobernuaren erantzuna
Udal gobernutik ez dute berme faltaren gainean ezer erantzun nahi izan. "Albisteak plazaratzerakoan akordioa batzuk iragarri genituen, eta horiek betetzeko konpromisoa daukagu".