Edesa Industrialek martitzenean jakinarazi zuen Amica taldeak 26,8 milioi euro eskaini dituela enpresaren linea zurira eta horren komertzializaziora bideratzeko. Albiste garrantzitsua da konkurtso egoeran dagoen enpresako arduradunendako. Esan dute jarduerarekin jarraitzea eta likidazioa saihestea ahalbidetuko lukeela eta 140 lanpostu geratuko liratekeela Euskal Herrian.
Ekoizle poloniarrak, ordea, Fagor marka erabiltzeko baldintza jarri du operazioa gauzatu ahal izateko, eta hori izan daiteke korapilo nagusietakoa negoziazioan. Edesa Industrialeko zuzendaritzak ohar bidez adierazitakoaren arabera Mondragon Taldea aukera hori aztertzen ari da eta zabalik da negoziazio prozesua.
Mesfidantza Arrasaten
Fagor markaren erabilera eskubideak direla-eta Fagor Kooperatiba elkartetik esan dute prentsaren bidez izan dutela albistearen berri eta gezurra dela Mondragon Taldea markaren erabilera negoziatzen ari denik. Erabaki hori Fagor Taldeari dagokiola ere zehaztu dute.
Edesa Industrial eta Geyser Gastech-eko enpresa komiteetatik jakinarazi dute gaur direla zuzendaritzarekin elkartzekoak atzo jasotako inbertsio proposamena aztertzeko, baina hedabideetatik izan dutela albistearen lehen berria. Azpimarratu dute jarduera industriala eta lanpostuak hemen mantentzeko proiektu bideragarri baten aldeko apustua egiten dutela.