Mundu mailako akordeoilariak elkartuko ditu aurten ere Arrasate Hiria akordeoi lehiaketak, bai lehiakide moduan bai epaimahaikide moduan. Lehiaketa nagusian hamabost akordeoilarik hartuko dute parte. Lehenengo aldiz, gainera, hiru parte-hartzaile euskal herritarrak izango direla adierazi dute antolatzaileek. Gainerakoen jatorria Bielorrusia, Serbia, Errusia, Finlandia, Eslovenia, Eslovakia, Polonia, Frantzia, eta Txina dira.
Gipuzkoako lehiaketa eta jaialdia
Lehenengo mailako lehiaketarekin batera Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketa eta Gipuzkoako Akordeoi Jaialdia ere hartuko ditu Arrasate Hiriak. Hala, adin eta maila askotariko 350 akordeoilari elkartuko ditu. Akordeoi jaialdia ez da lehiaketa eta 300 akordeoilarik eman dute izena. Gipuzkoako lehiaketak, berriz, 27 lehiakide izango ditu
Kontzertuak, emanaldi bereziak, master class saioak… ekintza asko hartuko ditu bere baitan Arrasate Hiriak. Esaterako, iazko txapeldun Jianan Tianek emango duen kontzertu berezia edo Fredrich Lips akordeoilari errusiarrak emango dituen master classeak.
Disko berezia ere kaleratu dute 25. urteurrena ospatzeko. Lehiaketako antolatzaile nagusia den Hauspoz elkarteak bultzatuta, Arrasateko lehiaketan saritutako Maria Zubimendiren, Ander Telleriaren eta Olga Morralen akordeoi doinuak entzun daitezke bertan.