Azken urteotan euskal mitologia balioan jartzen saiatzen ari da Santamas Komisiñue. Hori dela eta, Patxi Errementaria etorriko da aurten Aralarko inguruetatik Arrasatera, Txoronpiori eta Txoronpiari laguntzera. Horrez gain, abenduaren 17an, Hamaika kontu kontukabin ipuin kontaketa egongo da, Vanesa Gonzalezen eskutik.
Kultur taldeen urte osoko lana herritarrei erakusteko aukera eskaintzen dute Santamasek, eta horregatik, ekintza kultural dezente daude aurtengoan ere. Esaterako, abenduaren 16an Lore Gazteak eta Txikitxu dantza taldeek borobileko dantza saio parte-hartzailea eskainiko dute. Santamas egunean, berriz, Txerri dantza eta Batzen dantza herrikoian parte hartzeko aukera egongo da.
Ohi moduan, Arrasateko trikitilariak, Udalaxpe txistulari taldea, Arrasateko gaiteroak, albokariak eta txalapartariak, kantu-kalejira Portaloi taldearekin, erraldoi eta kilikien konpartsa eta gustu guztietarako kontzertu eta dantzaldi ugari egongo dira.
Tradizio zaharrak irakasgai berri
1978tik antolatzen du Santamas Komisiñuak artisauen azoka eta aurten hauek nola lan egiten duten ikusteko aukera egongo da, baita euren lanak salerostekoa ere. Horrez gain, bi tailer egongo dira abenduaren 16an kulturaten: ehoziri-lanen tailerra eta naturako elementu eta materialekin jostailuen inguruko tailerra.
Bestalde, ganadu eta hegazti azoka ere egongo da eta herri kirolen erakustaldiak ere ez du urteroko hitzordura hutsik egingo. Gaztetxoenek ere izango dute aukera herri kiroletan aritzeko, abenduaren 15ean, herriko plazan.
Iosu Amantzio txerria
Aurtengo txerria Iosu Amantzio izango da, iazko baserri berekoa, Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña baserrikoa, hain zuzen. 300 kilo inguru ditu. Antolakuntzatik, herritar guztiak txerria ezagutzera eta errifak erostera gonbidatu dituzte.
Herri Bazkaria
Aurten Azoka plazan egingo dute Herri Bazkaria eta 600 pertsonentzako lekua egongo da. Txartelak abenduaren 12an jarriko dira salgai, 18 eurotan, Bengoa, Kajoi eta Iluntz tabernetan.
Pilota partidua
Binakako Txapelketako partidu bat ere jokatuko da Santamas egunean: Bengoetxea VI/Larunbe-Irribarria/Merino II.