Arrasateko EH Bilduk herriko komertzioa bultzatzeko kanpaina bat abiatuko du abendutik urtarrilera arte. Ezker abertzaleko koalizioaren ustez ez zaio garrantzia nahiko ematen horren garrantzitsua den sektore ekonomiko eta sozialari, eta hori dela eta neurri batzuk hartuko dituzte datorren hilabetetik aurrera.
Kartel bidez abiatuko dute kanpaina kaleetan zehar, eta sarean ere kontsumo lokala bultzatzeko beharra zabalduko dute. Horrez gain, udal aurrekontuetan emendakinak sartu dituzte, alde batetik egina dagoen komertzio planeko ekintza plana martxan jar dadin, eta bestetik auzoetako komertzioak irakurketa propioa behar dutelako EH Bilduren ustez. Gainera, beste herri batzuetako esperientziak ere ezagutuko dituzte plana nondik bideratu daitekeen ikusteko.
Komertzio txikiek sektoreko "enplegu osoaren %50a sortzen dute modu zuzenean" eta horregatik "komertzio horiei laguntza emateko beharra" ikusi du Arrasateko EH Bilduk, lokal ugari hutsik daudelako, belaunaldi berrien erreleboa ez delako gauzatzen, eta tantaz tanta gutxitzen doan zerbait delako, euren hitzetan. Horrela dendarien artean zundaketa antzeko bat egin dutela azaldu du gainera EH Bilduko bozeramaileak, eta erantzuna positiboa izan dela azpimarratu du gainera.