Arrasaten izan dira gaur Kultura eta Kirol Departamentuko diputatu Denis Itxaso eta Diputazioko kirol zuzendari Goizane Alvarez. Arrasateko alkate Maria Ubarretxenarekin eta udal gobernu taldeko hainbat ordezkarirekin elkartu dira Musakolako kiroldegian klimatizazio lanak egitea ahalbidetu duen hitzarmena sinatzeko.
Lan garrantzitsuak direla esan du Ubarretxenak eta Aldundiaren ekarpena eskertu du. Klimatizazio lanek 133.289 euroko aurrekontua dute eta Aldundiak erdia baina apur bat gehiago hartuko du bere gain; 67.500 euro, hain zuzen ere.
Diputazioak, aurten, 11 milioi euro inguru bideratuko ditu lurraldeko kirol instalazioetan hobekuntza lanak egitera, eta Musakolakoa Gipuzkoako kiroldegi zaharrenetariko bat.
Diru-laguntzak ebazterakoan foru arduradunek hainbat irizpide izan dituzte kontuan, besteak beste irisgarritasunarekin edo efizientzia energetikoarekin lotutako lanak izatea. Baita ere kiroldegiaren erabilera maila. Klimatizazio lanak urtea amaitu aurretik egitekoak direla esan du Denis Itxasok.
Igerilekua zabalik atzera ere
Pseudomona bakterioaren maila kontrolpean da berriz ere, eta igerilekua erabilgarri atzera ere. Itxita egon da zenbait egunez; izan ere, urari egindako neurketetan ohikoa baino maila handiagoa eman zuen pseudomona bakterioak.
Maria Ubarretxena alkateak esan du arazoa konponduta dagoela. Zehaztu du izerdiarekin lotutako bakterioa dela pseudomona eta ez dela gizakiarendako arriskutsua. Dena den, azpimarratu du zenbateraino den garrantzitsua uretan sartu aurretik dutxatzea. Sentsibilizazio kanpaina berezia ere iragarri du.