Amodioa, umorea, dantza, lirika... El Caseriok zarzuelaren elementu klasiko guztiak dituen obra ederra da. Aditu askoren esanetan Jesus Guridik idatzitako partitura garrantzitsuenen artean dago. Gasteizeko konpositoreak euskal kulturari egindako keinua izan zen, eta 1926an Madrilen estreinatu zenean denboraldiko txalo zaparrada luzeena jaso zuela diote garaiko kronistek.
Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideek bigarren aldiz moldatu dute Guridiren obra hau. Duela 12 urte zarzuela bera antzeztu zuten, baina orduan euskara hutsean. 2005etik gaur egunera, aldaketak egin dituztela, azpimarratu dute kideek, nahiz eta protagonista batzuen rolak aktore berdinek egin dituzten.
Aktoreen lana
Zarzuelek ez dituzte partitura errazak izaten, eta askotan abeslari batendako antzeztea erronka berezia izaten da. Baina Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideek urtetik urtera lana borobiltzea lortu dute. Hamazortzigarren zarzuela hau, eurendako, ez zen guztiz arrotza eta horrek lana errazteaz gain, Guridi maisuaren obra moldatu eta hobetzeko aukera eman die.
Istorioaren protagonistak diren Cristina Cubillok, Igor Gamboak eta Lander Oiangurenek lan bikaina egin dute. Cubilloren lana azpimarratzea komeni da, partitura zailenetan ere bere ahots eta lanari esker primerako abeslari eta antzezlea dela erakutsi ostera ere. Emanaldia bukatzean gainera, hirukoteak publikoaren onespena jaso du txalo bidez.
Arlo lirikoan egindako ekarpena gutxietsi gura gabe, Mertxe Salaberrik eta Mikel Izurrategik, esparru komikoan egindako lanak ere aipatzea merezi du. Biek ala biek obra osoan zehar jendearen barre algarak piztu baituzte. Elkarte bat izanik, bost lagunen lana soilik aipatzea ez zen zilegi izango, eta talde guztiak egindako lanak soilik azaldu dezake, estreinaldian jasotako txaloaldia.
Antzezleez gain, dantzak ere bere tartea dauka obra honetan. Arrostaitz taldeko dantzariek maisutasunez konbinatu zituzten dantzaren urratsekin Guridiren doinuak, izatez askotan batere egokiak ez direnak dantzarako.
Musika kritikari askorendako zarzuela genero arina da, non amodioak dena betetzen duen, baina El Caserion amodioa ageri den arren, ezerk ez du hasierakoa ematean. Amodioa, interesa, azpijokoa... Zarzulea honek hori guztia eta gehiago dauka.
Partituraren garrantzia
Iker Olazabalen zuzendaritzapean, Arrasate Musikaleko Orkestrak interpretatu du Jesus Guridik orain dela 90 urte konposatu zuen musika. Erronkak atsegin dituen orkestra honek, ongi baino hobeto egin du bere lana. Kontuan hartzekoa da, Gasteizkoak idatzitako partitura ez dela obra erraza, zarzuela batek izan ohi dituen atal lirikoez gain, El caseriok, herrikoiagoak diren beste erritmo batzuk tartekatzen baititu, horien artean askotan entzun dugun zortzikoa ere ageri da. Izaera berezi honek ez dio konpositorearen obretan antzeman daitekeen birtuositate eta xarmatasuna kentzen.
Hurrengo emanaldiak
Estreinaldiaren ostean, bihar, domeka, 19:30ean izango da bigarren emanaldia. Hurrengo asteburuan ere, azaroaren 24ean eta 25an El Caserio zarzuelaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Amaian. Sarrerak Arrasate.eus webgunean eskuratu ahal izango dira, betiko legez, 18 euroren trukean.