'El Caserio' zarzuela estreinatuko dute zapatuan Amaia antzokian

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko aza. 16a, 15:37

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideak azken prestaketak egiten ibili dira asteon, astebukaeran Jesus Guridiren obra Amaia Udal Antzokian estreinatzeko.

Zine emanaldirik ez da egongo astebukaera honetan eta hurrengoan Arrasateko Amaia Udal Antzokian, bere ordez zarzuelak hartuko baitu protagonismoa agertokian. Jesus Guridiren El Caserio komedia lirikoa antzeztuko du berriz ere Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak. Arrasaten egingo duten 18. Zarzuela izango da Guridirena, hain zuzen ere.

Emanaldiak astebukaeran hasiko dituzte. Zapatuan, estreinaldia, eta domekan, 19:30ean izango dira hitzorduak, eta azaroaren 24ean eta 25an ere, hurrengo astebukaeran, El Caserio zarzuelaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Amaian. Sarrerak Arrasate.eus webgunean eskuratu ahal izango dira, betiko legez, 18 euroren trukean.

Duela 12 urte zarzuela bera antzeztu zuten Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideek, baina orduan euskara hutsean antzeztu zuten Baserria. 2005etik gaur egunera, aldaketak egin dituztela, azpimarratu dute kideek, nahiz eta protagonista batzuen rolak aktore berdinek egingo dituzte.

Bihar egingo dute azken entsegu orokorra, Tere Gonzalez zuzendariaren gidaritzapean, Amaia antzokian, astean zehar agertokia eta dekoratuak prestatzen ibili ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak