Zentzu horretan, bi esparrutan ari dira lanean: prebentzioa eta jarduketa. Lehenengoari dagokionez, batetik, Ai laket!! eta Agipad elkarteekin ari dira lanean; eta bestetik, identifikatuta dituzten kontsumitzaileen gurasoekin harremanetan daude. Jarduketei dagokienez, hainbat zerrendatu dituzte: 2016ko irailetik, ia hilero egon dira atxiloketak edo konfiskatu dituzte drogak.
Sei droga saltzaile, identifikatuta
Arrasaten droga saltzen duten sei pertsona identifikatuta dituzte eta atxilotuta ere egon dira, baina sarritan aske geratzen dira gero: "Kontua da atxilotuak izan ostean epailearen eskuetara pasatzen direla eta hor bukatzen dela gure esku-hartzea. Tamalez, ez dago gure eskuetan epaitegietan gertatzen dena, eta askotan gertatzen dena da pertsona horiek libre geratzen direla". Neskak eta mutilak, atzerritarrak eta bertakoak, gazteak eta helduak, denetik dago euren artean, duten informazioaren arabera.
22-23 urteko hiruzpalau gazte
Kontsumitzaileei dagokienez, identifikatuta dituzte, Ubarretxenak jakitera eman duenez, baita heroina kontsumitzen dutenak ere: 22-23 urteko hiruzpalau mutil dira. Eta horri gehitu dio eurak direla izaten ari diren arazoen jatorria, nahiz eta horrek ez duen esan nahi herrian heroina kontsumitzaile gehiago egongo ez denik: "Zerikusia dute Musakolan eta Erguingo eliza atzean azaldu diren xiringekin, baita Monterrongo komunetan azaldu diren droga arrastoekin ere, eta eurak dira azokako komunetan ziztatzen harrapatu zituztenak. Pertsona berdinak dira guztiak. Eta eurak dira, era berean, orain gutxi Erguingo erretiratuen etxean izandako lapurretaren egileak, Biterin –labana batekin mehatxatuta– egindako lapurretaren egileak eta pasa den zubian Musakolan egindako lapurretaren egileak. Psikiatrikoan egon dira eta desintoxikazio zentroan ere bai, baina berriz erori dira. Arazo larri bat dute eta euren gurasoekin egon gara".
Gai zaila da, Ubarretxenaren hitzetan: "Ertzaintzarekin koordinatuta ari gara lanean, ikerketak zabalik daude eta informazio asko dugu, baina ezin dugu publiko egin, ikerketak ez oztopatze aldera. Aldiz, ezer esaten ez baduzu, herritarrei iruditzen zaie ez duzula ezer egiten, eta gauza biak ez dira bateragarriak".
Eskaera herritarrei
Eskaera berezia egin diete herritarrei: droga kontsumo arrastoren bat edo zerikusia izan dezakeen beste zerbait ikusten badute, deitzeko 943 25 20 10 telefono zenbakira edo 112ra. "Deia anonimoa izan daiteke, gainera", azaldu dute. Eta horri gehitu diote BAZen kexa jartzearena bigarren urrats bat litzatekeela: "Kexa jarri gura duenak, jarri dezake eta ongi dago. Baina garrantzitsuena da guri lehenbailehen jakinaraztea".
"Egia da heroina beste droga batzuk baino merkeagoa dela eta bere kontsumoak gora egin duela apur bat, baina ezin dezakegu gorakada nabarmen batez hitz egin, ez Arrasaten ezta orokorrean ere", azaldu dute.