2002an sortutako Ai Laket! elkartearen helburu nagusia drogak kontsumitzerako orduan arriskuak murriztea. "Ezagutzen diren kultura guztietan egon izan dira drogak gure inguruan eta beraz, gure filosofia edo premisa da drogekin bizitzen jakin behar dugula", adierazi du elkarteko kide Unai Perez de San Romanek. "Erantzukizunez kontsumitu daiteke baina horretarako informazioa izatea ezinbestekoa da. Hor kokatzen dugu gure lana", gaineratu du.
Arrasateko gazteen hiru lokaletan
Ai Laket! elkartekoak Arrasateko gazteen hiru lokaletan egon dira aurten Lonjalaket izeneko ekimena gauzatzen. Hauexek dira datuak:
Heroinaren kontsumoan ez dute gorakadarik igarri
Arrasaten eman izan diren heroinaren kontsumoaren kasuen inguruan galdetuta, Perez de San Romanek adierazi du Ai Laket! elkartean ez dute heroinaren kontsumoan gorakada aipagarririk atzeman: "Hainbat eta hainbat laginetatik, Euskal Herria osoan, bi edo hiru kasu ezagutzen ditugu urtean. Hortaz, guk behintzat ez dugu igarri igotzen dabilenik. Jaurlaritzak droga ezberdinen kontsumoaren tasa ezberdinak jasotzen dituen txosten bat kaleratzen du eta azkena 2012koa da; datuak oso zaharkituak daude". Nuñezek ere hartu du hitza heroinaren gaiaren inguruan: "Jende askok galdetzen du berdina, eta kalean entzuten den kontua da. Heroinaren kontsumoa areagotu egin dela bereziki jende gaztearen artean. Baina gure sentsazioa ez da hori, guk jasotzen ditugun erabiltzaileen artean ez dugu aldaketarik nabaritu momentura arte".