JUAN ALVAREZEN FAMILIAREN ESKER ONEKO GUTUNA
Juanen bilaketan bizi izandako momentu gogor eta larrigarrien ostean, eta atzoko amaiera ikusita, bere familiak eta lagunek bihotz-bihotzez eskertzen eta aitortzen dugu profesional eta boluntarioek egin duzuen lana, eta emandako babesa. Zuen laguntzak eta gizatasunak argi utzi digu, bizitzan balio gehien duena pertsonak direla. Eskerrik asko.
Ez genuke inor ahaztu nahi, eta Juanen bilaketarako funtsezkoak izan diren kolektibo batzuei aitortza egin nahi diegu:
- Alkatea buru izan duen Arrasateko Udala eta Udaltzaingoa, eta bertako langileak. Babes zibilerako organo nagusi gisa, Eusko jaurlaritzako babes zibilarekin eta SOS Deiak-ekin batera, baliabideak kudeatzeko emandako erraztasunengatik.
- Ertzaintza, Gurutze Gorria, DYA, basozainak eta Mendirako sekzio bereziak, helikoptero zerbitzua, txakur trebatuak ... Bereziki Arrateko txakur trebatuen unitate bereziari (UCAS), arrisku eta zailtasun handiko egoeren aurrean euren profesionaltasuna eta esperientzia gure zerbitzura jartzeagatik.
- Arrasateko familia, lagun eta boluntarioei, baita Euskal Herriko eta beste erkidego batzuetatik hurbildu zaretenoi ere, mendiko bilaketa lanetan dena emateagatik, eta baita ibilgailuak eta bestelako baliabideak eskaintzeagatik kobazulo, pinudi, errepide, eta abarretara iristeko. Beti aldarte onez, energia , laguntasuna eta berotasuna transmititzen. Bereziki, Besaide Mendi Elkarteari, jendea mendian gidatzeko lana egiteagatik, eta beste mendi elkarte batzuen laguntza lortzeagatik: Atxondo, Elorrio, Durango ... Baita euren ezagutza sakona, ardura, elkartasuna eta balioak erakusteagatik.
- Mendian egon ez arren, distantziatik euren alea jarri dutenei: Arrasate Opinari sare sozialen bidez informazioa eta animoak helarazteagatik, euren ibilgailuak laga dituztenei, janaria eta edaria eskaini duten, taberna, komertzio eta etxe partikularrei.
Gure edo zuen kasuan Juanek gauza bera egingo luke. Milesker. Zuei esker Juanek pakean hartuko du atseden.