Mugitzeko ohiturei buruz hausnartzeko astea

Xabi Gorostidi 2017ko ira. 12a, 15:29

Zapatuan hasi eta hilaren 22ra arte, hamabosgarren aldiz ospatuko da 'Mugikortasun Astea' Arrasaten. Birzikleta azoka, bizikleta bira, 'Mugitu zaitez bizikletaz' erakusketa edota 'Eskolara oinez' esperientzia izango dira, besteak beste egitarauko osagaietako batzuk.

Aurten ere debaldeko zerbitzua eskainiko du herri busak aste osoan zehar, eta zapatu goizean, bigarren eskuko bizikleten azoka erraldoia egingo dute Azoka Plazan. Pasa den zapatu goizean egin zuten lehen bizikleta bilketa, baina gaur eta ostegunean ere egongo da horretarako aukera, 11:00etatik 13:00etara, eta baita arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara.

Zapatu goizean ere, herriko bizikleta saltzaileek ‘mugitu zaitez bizikletan’ erakusketa jarriko dute Mondragones kalean 11:00etatik 13:00etara bitartean.

Aurtengo programako berritasunetako bat, Birzikleta azokan egingo den aerografia tailerra izango da.

Igandean, 11:00etan, bizikleta bira egingo dute Seber Altube plazatik abiatuta, eta asteazkenean, 19:00etan, Emakumeak bizikletan-Bizikume proiektuaren aurkezpena egingo du Erkuden Almagrok Kulturateko areto nagusian.

Herriko merkatariek ere bat egingo dute Mugikortasun Astearekin, Merkataritza berdearen astearen bitartez. Hala irailaren 16tik 22ra euren erosketak Arrasate txartelarekin egiten dituztenen artean, hiru bizikleta zozketatuko dituzte.

Bizikleten zozketan parte hartu nahi dutenek erosketaren frogagiria erakutsi beharko dute hilaren 23an Herriko Plazan, 12:00etatik 13:30ak bitartean, eta behin horiek aurkeztuta egingo dute zozketan. Bizikletak zozketatzeaz gain, egun berean produktu ekologikoz osatutako otarrak ere zozketatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak