Ikusmina Uarkapeko gimnasio berriaren irekieran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 4a, 16:27

Gaur, irailak 4, ireki ditu ateak Uarkapeko gimnasio berriak. Gaur eta bihar ate irekiak izango dira eta irailaren 6tik aurrera ohiko ordutegian egongo da zabalik: astelehenetik egubakoitzera, 06:30etik 21:00etara; zapatutan, 09:00etatik 14:00etara erabili ahalko da. Lehen egunean ikusmina piztu du.

"Urtebete egon gara zain. Pozik gaude gimnasio berria martxan dagoelako; 30 makina daude, denak berri-berriak eta modernoak. Herritarrei deia luzatzen diegu etorri eta makinak proba ditzaten", adierazi du Ander Garai kirol zinegotziak. Garairen arabera, Musakolako gimnasioan jende larregi ibiltzen da bereziki arratsaldeetako zenbait ordutan eta horri erantzun bat emateko asmoz ireki dute Uarkapekoa: "Gimnasio handia behar genuen eta horrez gain, bagenekien herriko erdigunean ez genuela halako kirol zerbitzurik. Uarkapeko kirol eraikinari ez genion behar zuen probetxua ateratzen eta orain espero dugu buelta emango diogula egoera horri".

Zerbitzuaren eta makinen esleipena: 135.000 euro

Uarkapeko eraikinaren kudeaketa modu integralean eramango du Egoitek enpresak 2018ko uztailera bitartean. Hau da, garbiketa zerbitzuaz –Egoitek-ek Hemen enpresa azpikontratatu du–, harreraz, kirol aholkularitzaz eta rokodromoaren mantenuaz Egoitek enpresa arduratuko da. Lan horretarako Arrasateko Udalak 80.000 euro bideratuko ditu eta hurrengo urteko uztailean lehiaketa publikora irtengo da berriro. Hasieran jende fluxu handia espero badute ere kirol zinegotziak aurreikusten du bi edo hiru astetan ohiko funtzionamenduan arituko direla. Aldiz, gimnasioko makinaria berria erosteko BH enpresa kontratatu du Udalak 55.000 eurotan; makinen mantenuaz BH enpresa arduratuko da. 

Ate irekiak gaur eta bihar

Gaur eta bihar edozein arrasatearrek izango du aukera Uarkapeko gimnasio berria probatzeko. Hori bai, aldez aurretik eman behar da izena kiroldegira deituta: 943 25 20 30. Goizetan ordubeteko txandak eta arratsaldetan 45 minutukoak antolatu dira "ahalik eta herritar gehienei instalazio berriak probatzeko aukera" emateko asmoz.

Eremu lehorreko eta plus abonuak, gainkostu barik

Musakolako kiroldegian eremu lehorreko edo plus abonua duten erabiltzaileek doan erabili ahal izango dute Uarkapeko gimnasio berria. "Egin behar den gauza bakarra da txartela aktibatzea. Gertuko edozein txartel erabil daiteke: Kulturaterako Izenpe txartela, Lurraldebusekoa, Osakidetzakoa... Halako txartelik ez duenak bost euro ordaindu beharko du Uarkaperako txartela eskura dezan. Behin aktibatuta aurrerantzean erabili ahalko da". Uarkaperi kirol erabilera handiagoa eman gura diote: "Gaur egun gimnasio berria, gimnasia hipopresiboak eta k-stretch jarduera daukagu baina espero dugu urtez urte ikastaro gehiago ekartzea Uarkapera".

 

Erlazionatuak

Uarkapeko gimnasio berria argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017 ira 04 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak