Kezka handia eragin du Edesa Industrialen etorkizunak

Imanol Beloki Unamuno 2017ko uzt. 6a, 15:42

Edesa Industrialeko Garagartzako garbigailuen planta itxiko duela konfirmatu diete langileei, eta horren ondorioz 30 kaleratze izango direla. Jorge Parladek CNA taldeko presidentea sindikatuekin, langileen ordezkariekin eta besteak beste, Jaurlaritzarekin batzartuko da datozen orduetan.  Arrasateko alkatearekin hitzartutako batzarra, berriz, azken orduan bertan behera utzi du CNAk.

Egoera hori mahai gainean dutela goizean batzartuta izan dira CNA taldeko zuzendaritzako ordezkariak sindikatuen ordezkariekin. Era berean, lan uztea egin dute langileek hori guztia salatzeko.

Batzar horren ostean, egoera etsigarria dela adierazi dute sindikatuetako ordezkariek eta aurreratu dute Edesa Industrialeko Garagartzako lantegiko 30 langileak kaleratzeko asmoekin segitzekotan, gatazka egoeran leudekeela eta langilerik ez botatzeko eta bideragarritasun plan bat aurkezteko eskatu diete beste behin langileen ordezkariek CNAko buruei. Azken hauek adierazi dute hartzekodunen konkurtso-aurrekora jo duten arren, ez daukatela konkurtsoa aurkezteko asmoa.

Arrasateko alkatea "kezkatuta eta harrituta"

Egoera honengatik oso kezkatuta baitaere, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak batzarra zuen hitzartuta goizerako CNA taldeko presidente Jorge Parladerekin. Azken unean, ezustean eta birritan, baina, bertan behera utzi dute hitzordu hori CNAko ordezkariek. Horren aurrean, kezka eta harridura partekatu ditu alkateak.

"Astelehenetik gaude bilera baten zain, gaurko ematen zaigu bilera, 09:30etan goaz hara, eta han ezetz esaten digute. Gero, 12:00etan batzeko eta horri ere ezetz… Ba seriotasun falta ikusten dugu. Udaletxea garen heinean guk kezka handia daukagu, herriko enpresa bat delako, gertatutakoaren ostean sentsibilitatea hor dagoelako, langile asko Arrasatekoak direlako, eta ematen du denok enteratu garela prentsaren bitartez…", azaldu du Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak.

Halaber, Ubarretxenak, azpimarratu du oraingo kezka ez dela berria. Izan ere, eta eurek enpresaren ordezkariengandik zein langileen ordezkariengandik urte hauetan, baita azken honetan ere jaso izan duten informazioa ez zetorrelako bat.

"Eusko Jaurlaritzari beti helarazi diogu gure kezka. Azkenean, gu herrian egonda gertuko informazioa genuen esaten ziguna gauzak ez zihoazela ondo. Material falta zegoela, eskaerak ez zirela irteten, eta hor nolabaiteko desberdintasun bat zegoela enpresak esaten zuenaren artean eta jendeak esaten zigunaren artean. Gure papera interlokutore lana ematea izan da, informazioa…".

Gauzak horrela, oraingoz behintzat kezka da nagusi Edesa Industrialen etorkizunarekiko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak