Erabilgarri dago Gorostizako jolas parke estalia

Lau hilabeteko atzerapenarekin amaitu dira lanak, baina egubakoitzetik dago zabalik Erguin auzoko jolas parke berritua. Estrukturetako asko egurrezkoak dira, eta bertako ziburu guztiak berritu dituzte. Ibon Arrupe hirigintza zinegotziak edukitako pazientzia eskertu die bizilagunei, eta estaliko duten hurrengo parkea Itxaropena izango dela aurreratu du.

Gurasoen partez parke estalien beharra igarri ostean, hau izan da legealdi honetan estali duten lehena. "Udalean txosten bat egin genuen Arrasateko jolas parkeen egoeraren inguruan; zenbat urte dituzten, zenbat erabiltzaile, zein behar... beraz, hori ikusirik Gorostizakoarekin hastea erabaki genuen. Herri Eskola alboan dagoenez erabiltzaile asko ditu. Horrez gain, berritasun guztiak herriaren erdialdean egiten direla sentitzen duten arrasatear askok, eta hori dela eta garrantzitsua iruditu zitzaigun lehen parke estalia Erguinen kokatzea" azaldu du Ibon Arrupe hirigintza zinegotziak.

Estalpea eta gomazko lurzorua berritzeak 230.000 euroko kostua izan dute, eta ziburu berriak jartzeak, aldiz, 15.500 euro (BEZ-a barne). Berritze proiektua Arrasateko Biark arkitektura estudioak egin du [herritarrek aukeratu ostean] eta lanak burutzeko ardura Indenort enpresa arabarrak hartu du. Arrupek jakinarazi duenez, otsailaren 28rako amaitzea zen aurreikuspena, baina bi faktorek eragin dute lau hilabete geroago amaitu izana. "Hasteko Indenort aurreikusitakoa baino bi hilabete beranduago hasi zituen lanak, Arrasaten bertan beste proiektu amaitu beharra zian zutelako. Horrez gain, teilatuaren estruktura konplexuak, eta bertako egur moten aukeraketak ere prozesua moteldu du. Udalaren partez eskerrak eman nahi dizkiet auzotarrei edukitako pazientziagatik. Izan ere, atzerapen hauen ondorioz parkerik gabe egon dira udaberrian zehar".

Datozen egunetan parkea inguratzen dituzten belardiak txukunduko dituzte Cespa Jardineria enpresakoek, harri eta bestelakoak bertatik kenduz.

Hurrengoa; Itxaropena

Behin Gorostiza estalita, estaliko duten hurrengo parkea Itxaropena parkea izango dela adierazi du Ibon Arrupek. Proiektua guztiz idatzi gabe dagoenez, lanak 2018 amaitu baino lehen hastea da udal gobernuaren aurreikuspena.

Estali gabeko parkeen artean, Nao de Santiago [Musakolako Herri Eskola albokoa] eta Biteri kaleetan kokatuak berritzeko asmoa dutela ere azaldu du Arrupek.