Udal gobernuaren bi urteko "ekimen eza" salatu du EH Bilduk hainbat arlotan

Gaur betetzen dira bi urte Maria Ubarretxenak alkatetza hartu zuenetik, eta tarte horretan gazteria, turismoa, hezkuntza, berdintasuna, kultura edo ingurumena bezalako alorretan ezer gutxi egin dutela azaldu dute. Batzordetan, osoko bilkuratan eta aurrekontuetan arrasatearren alde lan egiten jarraituko dutela ere berrestu dute.

"Azal garestiak eta argazkiak". Espresio hori erabili du Eneko Barberenak EAJ-PSE-EE gobernuaren agintaldiko lehen bi urteak definitzeko. Komunikabideetako oihartzun mediatikoa zaintzeaz harago, hainbat alorretan udal gobernuaren lan falta salatu du. "Argazkien legealdia izan da lehen bi urte hauetan, promozio behar itsuarekin. Baliteke XXI. mendea irudiaren aroa izatea, baina azalak behar du mamirik" adierazi du Barberenak. 

"Mami" falta hori, besteak beste honako esparruetan igarri du EH Bilduk; gazteria, turismoa, hezkuntza, berdintasuna, kultura edo ingurumena.

Kulturari dagokionez, zera kritikatu dute Kulturola proiektuaren inguruan. "Bost edo sei milioiko eraikinak egitea planifikatu da, espazio horien erabileraz hausnartu gabe. Eta hori iragartzeaz gain, zer beste ekintza egin du udal gobernuak kulturaren alorrean?".

Turismoari dagokionean, egin duten gauza bakarra "Arrasateko herriak frogatutako eta baztertutako Erdi Aroko azokak antolatzea" izan dela azaldu dute.  

"Oinordetza suntsitzen"

EH Bilduren ustez, EAJ eta PSE-EE koalizioa eurek aurretik utzitako oinordetza suntsitzen tematu zen agintaldiko lehen sei hilabeteetan. Adibide gisa jarri dituzte, aurrez herritarren parte hartze prozesu bidez erabakitako bidegorria, azoka, elkarteen arteko elkarlana eta funeral zibilak egiteko leku duina bertan behera utzi izana.

Zikintasuna

Duela gutxi zabaldutako oharrean bezala, garbiketa ordenantza berria onartu arren kaleek zikin jarraitzen dutela ere salatu dute. "Garbitasunaren izenean egin omen dute lan, izen bereko ordenantza ponposoa sortuz, baina kartelekin, pintadekin, eta pegatinekin itsuturik daudenez, bitartean herria zikin dago; jaien ostean, igandeetan, edo alde zaharreko hainbat kaletan".

Datozen bi urteetara begira

Legealdia amaitu bitartean batzordetan, osoko bilkuratan eta aurrekontuetan lanean jarraituko dutela adierazi du Eneko Barberenak. "Oposizioa eginez arrasatearren bizitza hobetzea izango da gure helburua, betiere Euskal Herri libre baten iparrean. Badakigu eragile eta herritar asko ez daudela pozik gobernuaren egitekoarekin. Ezin gara etsipenean erori. Arrasatek merezi du herritar eta eragile guztion lana eta ekarpena. EH Bildu ahaleginduko da lan guzti horiei babesa eta sustegua ematen, herri hobe baten alde".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.